Positibo bat atzeman dute Zumaiako Otezuri egoitzan

Onintza Lete Arrieta 2020ko urriaren 28a

Hilabete batzuk koronabirus kasurik gabe egon ondoren, azken orduetan lehen kutsatua agertu da adinekoen egoitza horretan. Egoiliarra da kutsatu dena. Datozen egunetan jakingo da kasu isolatua den.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egunero ematen ditu adineko egoitzetako datuak koronabirus kasuei dagokienez. Azken hilabeteetan Urola Kostako egoitzetan ez dute kasurik atzeman, gaur arte. Azken orduetan, izan ere, Zumaiako Otezuri egoitzan bizi den adineko pertsona batek eman du positibo COVID-19aren proban.

Datozen egunetan ikusiko da kasu isolatua izan den, ala agerraldiren bat dagoen egoitzan.

Hango zuzendari Lierni Santamariak maiatzean hitz egin zuen BALEIKErekin. Egoitzan lehen kasuak agertu zirenetik egindako ibilbidea eta emandako pausoak izan zituen hizpide, eta azaldu zuen lortu zutela birusa zeharo kanporatzea egoitzatik. Izan ere, martxotik maiatzera Gipuzkoako egoitzetan heriotza asko zenbatu ziren koronabirusarekin lotuta. Eskualdean, Zarauzko eta Zumaiako egoitzak jo zituen gogorren, hainbat heriotza eraginez.

Hiru hilabetez isolatuta egon ondoren, ekain hasieran baimendu zuten agintariek egoiliarrak bisitatzeko aukera adineko egoitzetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide