Gipuzkoako Foru Aldundiak Argazkilaritza Elkartearekin elkarlanean antolatzen du urtero datorren urteko aldundiaren egutegia osatzeko lehiaketa, eta Javier Beristain argazkilari azkoitiarrarak eta Luis Francisco Llavori zumaiarrak aurkeztutako argazkiak hautatu ditu aldundiak. 2021. urteko aldundiaren egutegiko uztaileko orrikoa izango da Beristainen argazkia, eta azarokoa Llavorirena. Guztira, 1.115 argazki aurkeztu dira lehiaketara.
Lehiaketarako aldundiak aukeratutako gaia Gipuzkoako turismoa izan da, eta aurkeztu diren lanen bitartez, "lurraldeko turismoa, altxor naturalak eta biodibertsitatea balioan jartzen duen" egutegia osatu nahi izan du aldundiak. Imanol Lasa Turismoko diputatuak gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta, aldundia "lurraldean turismoa suspertzearen alde" eta "sektore ekonomiko honetako jarduera dinamizatzearen alde" ari da lanean.
Aldundiaren eta Argazkilari Elkarteen ordezkariek osatutako batzordeak aukeratu ditu hamahiru argazki irabazleak, eta baloratu dituzten arloen artean daude irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten erlazioa. 18 urtetik gorako argazkilari zaletuek zein profesionalek parte ahal izan dute lehiaketan, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan dituzte.