Janire Gonzalez de Txabarri Europako txapeldun surfean

Iñigo Gaiton 2020ko urr. 10a, 12:37

Portugalen jokatutako Junior Pro Espinho txapelketa irabazi zuen atzo surflariak, eta, garaipenarekin, Europako junior mailako txapeldun izatea lortu du zumaiarrak.

Janire Gonzalez de Txabarri surflari zumaiarrak garaipen handia lortu zuen atzo Espinho (Portugal) hiriko olatuetan. 15 urterekin, junior mailako (21 urte bitarteko) Europako txapeldun titulua lortu du, Junior Pro Espinho txapelketa irabazita. Surflaria bikain aritu zen lehiaketa guztian, txanda denetan puntuazio onena lortu zuen.

Espinhoko eskuin olatuetan bizkarka egin zuen surfean Gonzalez de Txabarrik, eta hain zuzen ere, "backside" zoragarriari esker lortu zuen garaipena, . Finalean Lucia Machado, Ainhoa Leizeaga eta Rachel Presti lehiakideei gailendu zitzaien.

"Europako txapeldun izatea helburu garrantzitsua izan da niretzat betidanik, baina ez nuen uste hain gazte irabaziko nuenik. Oraindik junior mailan urte dezente ditut aurretik, eta ahalik eta garaipen gehien lortzen saiatuko naiz. Askotan egiten ditut entrenamenduak Nadia Erostarberekin (Europako junior txapelduna 2018an), eta hura inspirazio iturri izan dut; orain, pozik nago haren bidea jarraitzen ari naizelako", azaldu zuen surflari gazteak garaipena erdietsi eta gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide