Konfinamenduko geldialdiaren ondoren, martxan da berriz ere Emakumeon* Etxea Elkartearen jarduna. Hain zuzen ere, uztailean heldu zieten elkarteko kideek proiektuei. Egitasmo horien inguruan, koronabirusaren krisialdiak elkartearen jardunean sortu dituen zailtasunen inguruan eta etorkizuneko erronkei buruz aritu da Emakumeon* Etxeko dinamizatzaile Maider Urbieta hitza-rekin.
Pala txapelketa izan zen antolatu zuten lehen ekintzetako bat. "Ez genekien jendeak nola erantzungo zuen, eta entrenamendu egun bat jarri genuen lehenbizi. Jendeak oso ondo erantzun zuen, eta txapelketa antolatzea erabaki genuen orduan. Guztira, 26 lagun aritu gara", dio Urbietak. Hala ere, nabarmendu du lehia baino, elkar ezagutzea izan dela txapelketaren helburu garrantzitsuena. Irailean, Nepaleko leku urrun eta isolatuenean indarrean dirauen tradizio matxistaren inguruko Chhaupadi dokumentalaren emanaldia antolatu zuen elkarteak. Maider Urbietaren arabera, "arrakastatsua" izan zen, 130 pertsona elkartu baitziren emanaldian eta Edurne Pasabanek ondoren eskaini zuen solasaldian. Bestetik, Lilatoirako entrenatzeko aitzakian hasi zen emakumeen korrika taldea ere martxan jarri dute berriz ere.
Hala eta guztiz, joan den larunbatean egindako Emakumeon* Etxearen II. Topaketetan jarri du arreta Urbietak: "Urteroko ekintza izaten da topaketarena. Aurtengoan, 29 lagun elkartu gara. Elkartzea da helburua, batetik; eta ikastea, bestetik. Egoera bitxi hau ikuspegi feministatik irakurtzeko baliatu ditugu topaketak". Josebe Iturriozek Kolapso patriarkalari, konponbide transfeminista hizketaldia eskaini zuen lehenbizi, eta Esti Curielek tailer praktikoa eman zuen ondoren, egoera gogorrei aurre egiteko erabil daitezkeen umorezko estrategiak ikasteko.
Krisiaren albo kalteak
"Emakumeak elkartzea da proiektu hauen guztien oinarria; aurtengoan, zailtasunak besterik ez ditugu izan horretarako", aitortu du elkarteko dinamizatzaileak. Urbietak badaki konfinamenduan emakume askok egoera "zailak" pasako zituztela etxean; gainera, dio horiengana iristeko oztopoak besterik ez dituztela ekarri COVID-19a kutsatzea ekiditeko neurriek. Bizipen horiek guztiak bildu nahi izan ditu Emakumeon* Etxeak, eta baita publiko egin ere, "egoeraren inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko".
Nolanahi ere, egoerara moldatutako egitasmoak antolatzen ari dira elkarteko kideak. Koronabirusak "aurrez zegoen zaintza krisia" areagotu duela uste dute, eta gai horri heltzeko saioa antolatu dute hilaren 23rako. Zaintzaren inguruko ikuspegi ezberdinak emateaz gain, egon daitezkeen alternatiba eta proposamenak plazaratu nahi dituzte saio horretan. Urbietak azaldu du saioa irekia izango dela, eta bertan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Horretarako, 633 43 27 62 telefono zenbakira deitu edo zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera idatzi beharko da.
Bananduta dauden eta seme-alabak dituzten emakumeei zuzendutako kafe tertulia saioak antolatuko dituzte aurrerantzean. "Bazkide batek esan zigun horretarako beharra ikusten zuela, eta bere burua aurkeztu zuen saio horiek dinamizatzeko. Bi astean behin izango dira, urriaren amaieran hasita", azaldu ditu Urbietak Banancoffee egitasmoaren xehetasunak.
Lokala egokitzen hastear
Urbietak azaldu du udalak urtearen hasieranelkarteari borondatea erakutsi ziola Emakumeon* Etxeko proiektua bultzatzeko, baina COVID-19aren ondorioz administrazioa krisi ekonomiko gogor batean sartu zela. "Egoera berriz baloratu du udalak, eta ikusi du aukera badagoela". Irailaren 24ko ohiko udalbatzarrean lokala egokitzeko kreditu aldaketa onartu zuten, eta datozen hilabeteetan jarriko dira martxan Emakumeon* Etxeko espazio fisikoa egokitzeko lanak.