Zumaiako Axular ibiltokian abiadura murriztaileak ezarriko ditu udalak

Urola Kostako Hitza 2020ko irailaren 24a

Auzokideen eta Zumaienako ikasleen segurtasuna bermatzeko asmoz hartu du erabakia Udalak. Aste honetan bertan egingo dituzte lanak.

(Baleike)

Zumaiako Udalak abiadura murriztaileak eta seinaleak ezarriko ditu Axular ibiltokiko errepidean. «Eremu arriskutsua» izaten jarraitzen duela iritzita, auzokideen eta Zumaiena ikastetxeko ikasleen segurtasuna bermatzeko asmoz hartu du udalak lau abiadura murriztaileak ezartzeko erabakia. Gainera, erdiko zebrabideko ikus-eremua hobetze aldera, bi aparkaleku kenduko dituzte kiroldegiko aldean. Horrez gain, seinale gehiago jarriko dituzte errepidean.

Udalaren aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan egingo dituzte lan guztiak. «Kuxin berlindar moduko abiadura murriztaileak» jarriko dituzte, auto arrunten abiadura txikiagotzeko. Goragune horiek, udalaren esanetan, ez dute «eragozpenik» sortzen garraio publikoan, eta kendu eta berriz jarri daitezke.

Gaia Zumaiena ikastetxearekin eta bertako guraso taldearekin aztertu du udalak, eta ikasleen zein auzokideen segurtasuna bermatzeko adostu dute aipatutako neurriak hartzea.

Eremu arriskutsua

Eskolara bideko espaloia zabaldu bazuten ere, udalak dio eremu horretan abiadura hartu ohi dutela ibilgailuek, eta ondorioz, «ikasle asko beldur sentsazioarekin» igarotzen direla. Gainera, semaforoaren eremuak ere sortu du zenbait arazo: haurrak zebrabidea pasatzear daudenean, auto-gidariek ez dituzte ikusten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide