Gazteei arraunean hasteko deia egin diete Orioko, Zarauzko, Zumaiako eta Getariako arraun elkarteek

Dorleta Agiriano Lai 2020ko irailaren 21a

12 urtetik gorako gazteei luzatu diete gonbita Zarautz eta Telmo Deun arraun elkarteek. Orion, aldiz, infantilei nahiz kimuei zuzendutako bilera informatiboak prestatu dituzte.

(Juan Luis Romatet)

Aurtengo arraun denboraldiaren azken txanparekin batera, hurrengo denboraldiari begira jarri dira Orio, Zarautz, Getaria eta Telmo Deun arraun elkarteak. Hala, arraunean hasteko deia egin die gazteei: Zumaian hitzordu berezi bat jarri dute gaurko, Zarautzen entrenamendu saioetara bertaratzeko gonbita luzatu dute, eta Orion, bilera informatiboak antolatu dituzte ostegun honetarako.

12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendu da Telmo Deun; gaur, irailak 21, 19:00etan itsas kiroldegira joatera dei egin die "arrauna gustatu" eta "Zumaiako arraunlari izan nahi" dutenei. Getariako Arraun Elkarteak ere 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei gonbita egin die, gaur, 18:30ean, elkartearen instalakuntzetara hurreratu daitezen. Zarautzen ere 12 urtetik gorakoak gonbidatu ditu ZAEk: interesdunak astearte, asteazken, ostegun edo ostiral arratsaldeetan bertaratu daitezke kiroldegiko zulora ("fosoa"), 18:00etatik aurrera. Orion, aldiz, infantilei (2007-2008 urteetan jaiotakoak) nahiz kimuei ("alebinak", 2009-2010 urteetan jaiotakoak) egin diete arraunean egiteko deialdia. Haiei zuzendutako bilera informatiboak izango dira ostegun honetan, irailak 24, Arraunetxen: 18:00etarako joan beharko dute kimuek, eta 18:45erako infantilek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide