SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, osasun langileek protestak abiatu zituzten atzo, ostirala, Osakidetzako lehen arretako zentroetan, koronabirusaren pandemiak larriagotu eta azaleratu duen egoera salatzeko, eta eskualdean, Azpeitiko eta Zumaiako anbulatorioko langileek ere elkarretaratzea egin zuten. Azpeitian, herriko pentsiodunen babesarekin egin zuten.
Sindikatu horien esanetan, azken urteetan giza baliabideetan eta bitarteko materialetan jasan dituzten murrizketek osasun sistema publikoaren “ahultze kezkagarria” ekarri dute, eta hori agerian utzi du osasun krisiak, “profesionalen lan karga handitu, arretaren kalitatea okertu eta itxaron zerrendak luzatu” egin direlako.
Atzoko mobilizazioekin, sei eskaera zehatz egin zizkieten Osasun Sailari eta Osakidetzari: osasun publikoaren aurrekontua Europako Batasuneko batezbestekora parekatzeko, eta aurrekontu horren %25 lehen arretara bideratzeko; langile kopurua handitzeko; behin-behineko langileak egonkortzeko; murrizketa bidez galdutakoa berreskuratzeko; esku pribatuetan jarritako zerbitzuak berreskuratzeko —enplegua mantenduta—; eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzeko.
"Protestekin hasi beste erremediorik ez daukagu, Osakidetzak sakoneko arazoei benetan hel diezaien", adierazi zuten atzo sindikatuetako ordezkariek. Sindikatuekin negoziatzen has dadila eskatu diote Osakidetzari.
Irailaren 25ean, datorren ostirala, ospitaleen sarreretan elkarretaratzeak egitera deitu dute, eta urriaren 3an, berriz, manifestazioa egingo dute Bilbon.
Osakidetzak, berriz, erantzun du ez dela momentu egokiena protestetarako.