Grebak jarraipen desberdina izan du eskualdeko ikastetxeetan

Urola Kostako Hitza 2020ko irailaren 15a

Ikasgeletara itzulera "seguru eta adostua" eskatzeko deitu dute greba LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek. Eskualdeko herrietako hezkuntza zentroetan jarraipen desberdina izan du grebak, HITZAk bildutako datuen arabera.

Gaur greba egitera deituak daude hezkuntzako langileak zein ikasleak. Ikasgeletara aurrez aurreko itzulera "seguru eta adostua" eskatzeko deitu dute grebara LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek. Ikasleei, berriz, Ikasle Abertzaleak antolakundeak egin die mobilizatzeko deia. Eskualdeko herrietako hezkuntza zentroetan jarraipen desberdina izan du grebak, Urola Kostako Hitzak orain arte bildu dituen datuen arabera.

Zumaia
Urola Kostako Hitzak oraingoz bildutako datuen arabera, Herri Eskolako irakasleen gehiengoak bat egin du grebarekin. DBH eta Batxilergoko irakasleen % 40ak egin du greba; Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, irakasleen % 80ak. Zumaienan eta Oikiako Eskolan, berriz, ez du jarraipenik izan grebak, eta "normaltasunez" dihardute. 

Getaria
Iturzaeta Herri Eskolan jarraipen apala izan du grebak. Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako irakasleak eta jangelako langileak kontuan izanda, %27ak egin du greba Getariako hezkuntza publikoko zentroan. Beraz, zerbitzua "normaltasunez" eskaini dute gaurko greba egunean.

Zarautz
Salbatore Mitxelena Ikastola eta Orokieta Herri Eskola dira grebarekin bat egin duten ikastetxeak.  Ikastolan irakasle eta langileen %77k egin du greba, eta ez dute zerbitzu minimorik eskaini. Herri Eskolan, Lehen Hezkuntzako langileen %50ek egin du greba, eta Haur Hezkuntzakoen %20k. Beraz, bertako zuzendaritzaren arabera, Orokietan gutxieneko zerbitzu minimoa ari dira eskaintzen Lehen Hezkuntzan eta, Haur Hezkuntzan, "ia normaltasunez" dihardute. 

La Salle eta Antoniano ikastetxeetan ez du jarraipenik izan grebak, eta Lizardi Institutuak eta Oteitza Lizeo Politeknikoak ez dute daturik eman oraindik.

Orio
Orioko eta Aiako hezkuntza zentroen gehiengoak bat egin du grebarekin. Portzentaiei dagokionez, Zaraguetan eta Ikastolan irakasleen %70-%80 artean izango da greban gaur.

Aia
Aiako Lardizabal Eskolan, berriz, hezitzaileen %100ak egin du bat deialdiarekin, baina zerbitzu minimoak ematera derrigortu dituztenez, 4 irakasle daude ikastetxean.

Aiako Kimu haurreskolan, berriz, ez du jarraipenik izan grebak.

Azpeitia
Atzo bildutako datuen arabera, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ia erabatekoa izan da grebaren jarraipena, ikastolako kideen arabera langileen %95ak egingo baitu planto. Hala eta guztiz ere, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte hala eskatu dutenenentzat.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, berriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako klaustrokideen %48ak egin du greba. Hori dela eta, hainbat mailatako tutoreak ez dira zentroan izango; hala ere, garraio eta jangela zerbitzua nahiz zaintza zerbitzua mantendu egingo dituzte. Bestalde, Urola Ikastola BHIn klaseak "ahal den neurrian normaltasunez" eskainiko dituztela adierazi dute, nahiz eta irakasle batzuek greba egingo duten. Joan zen ostiralean egin zuten zentro horretan bozketa, baina ez zen quorumik osatu.

Iraurgi Ikastetxean, berriz, ez dute hezkuntza grebarekin bat egin, eta klaseak normaltasunez eskaini dituzte. Uztaro eta Urrestillako haur eskoletan ere ez dute grebarik egin.

Azkoitia
DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleak eta Batxilergokoak atzo ziren eskolara itzultzekoak, baina Azkoitia BHIren kasuan egun bat atzeratu dute ikasturte hasiera, gaurko greba deialdiarekin bat egin baitu %83ak. Hala eta guztiz ere, gutxieneneko zerbitzuak eskaini dituzte hala eskatu dutenentzat.

Azkoitiko beste eskoletan, ordea, grebak jarraipen txikiagoa izan du. Xabier Munibe ikastolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako klaustrokideen %20ak egin du greba. Floreaga ikastetxean, Izarraitz Lanbide Heziketan, Bizilore Eskola Aktiboan eta Xabier Munibe haurreskolan, berriz, ez dute hezkuntza grebarekin bat egingo, eta klaseak normaltasunez eskainiko dituzte.

Floreaga ikastetxeak azaldu atzo azaldu zuen ez zutela grebarik egingo, nahiz eta azken erabakia langileen esku egongo den. Hori horrela, DBH3 eta DBH4 mailako ikasleentzat gaur hasi da ikasturtea Floreagan. Izarraitz Lanbide Heziketan, berriz, atzo hasi zuten mailakatutako ikasturte hasiera, eta martxan dauden hiru geletan ez dute grebarik egin. Bizilore Eskola Aktiboak azaldu du, bestalde, autogestionatutako eskola direla, eta beraz, normaltasunez egingo dutela gaurko eguna.

Zestoa
Zestoako Herri Eskolan irakasleen %96,1ak bat egin du greba deialdiarekin; horrenbestez, gutxieneko zerbitzuak bakarrik bermatu dituzte gaur eta ez dute eskolarik eman.

Aizarnazabal
Aizarnazabalgo Basakaitz eskolan jarraipen zabala izan du hezkuntza sektoreko grebak; irakasleen %85ak bat egin du deialdiarekin. Eskolak normaltasunez eman ez badituzte ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bermatu behar izan dituzte.  

Errezil
Errezilgo San Martin herri eskolan ez dute hezkuntza grebarekin bat egin, eta klaseak normaltasunez eskaini dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide