Osakidetzak 35 kasu positibo atzeman ditu azken hiru egunetan eskualdean

Andoni Elduaien 2020ko irailaren 14a

Zarautzen eta Azkoitian zenbatu ditu Osasun Sailak kasu gehien, hamahiru eta 11 hurrenez hurren. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzei dagokionez, berriz, kasu positiboek nabarmen egin dute behera.

Osasun Sailak gaur eman ditu jakitera herriz herrikako PCR proben emaitzak. Eskualdean, guztira, 35 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak. Zarautzen detektatu ditu Osakidetzak kasu gehien; 13 guztira. Bederatzi zenbatu zituen ostiralean, hiru larunbatean eta bat igandean. Horiez gain, Azkoitia da Osasun Sailak kasu positibo gehien zenbatu dituen eskualdeko bigarren herrian. Han 11 lagunek eman dute positibo, bat ostiralean, zortzi larunbatean eta bi igandean. Gainerakoan, Orion bost kasu detektatu ditu Osakidetak –hiru ostiralean eta bana larunbatean eta igandean–, hiru Azpeitian –bi larunbatean eta bat igandean–, bi Aian –ostiralean eta larunbatean bana– eta bat Zumaian –ostiralean–. Gainerako herrietan ez dute kasu positibo berririk zenbatu. 

Atzo, igandea, guztira 5.990 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 290 laguni zenbatu zieten positiboa; hiru hurraldeetatik kanpo bizi diren zortzi lagunek ere positibo eman dute. Azpimarratzekoa da positibo kopuruen zenbatekoak behera egin duele, izan ere, ostiralean eta zapatuan 669 eta 514 lagunek eman zuten, hurrenez hurren. Egindako PCR kopuruak ere behera egin du azken egunetan. Ostiralean, 9.976 PCR egin zituen Osakidetzak, eta zapatuan, 7.626.

Ospitaleratzeei dagokionez, atzo 25 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan; azken egunetako zifrarik baxuena da hori. Gaur egun 269 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 63 daude egoerarik okerrenean ZIUn. R0 indizeak ere beheranzko joeran jarraitzen du; 0,90ean dago kokatuta gaur gaurkoz.

Nafarroan, bestalde, 283 kasu berri gehiago zenbatu zituzten atzo. 1.771 PCR proba egin zituzten, hau da, proba egindakoen %15,7ak eman zuen positibo. Zortzi lagun ospitaleratu zituzten atzoko egunean, horietako bat ZIUn; egun 135 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan. Guztira zortzi gaixo daude ZIUn, eta hemeretzi etxean daude ospitaleekin harremanetan. Era berean, pertsona bat hil zen COVID-19 gaixotasunari lotuta; guztira 547 lagun hil dira Nafarroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide