Kontxako Bandera nagusitasunez irabazi du Orioko emakumezkoen traineruak

Iñigo Gaiton-Amaia Urbieta Arruti 2020ko irailaren 13a

Gaur ere ez dute hutsik egin Orioko emakumezkoek: bigarren urtez jarraian eskuratu dute Kontxako Bandera. Eskualdeko gainontzeko taldeek ez dute emaitza azpimarragarririk izan; zazpigarren sailkatu dira Zumaiako emakumezkoak, zortzigarren Zarauzko gizonezkoak eta laugarren Orioko gizonezkoak.

Kontxako bigarren jardunaldia ere badia hutsik zela jokatu dute arraunlariek. 10:00etan hasi da emakumezkoen lehia. Zumaiarrak izan dira ureratu diren eskualdeko lehenak, aurreneko txandan. Lantzagirorik gabe, hondoko itsasoak bultzada indartsua ematen zuela egin dute arraunean zumaiarrek, lehen txandako gainontzeko traineruekin batera. Aurreko igandeko tankeran, hirugarren postuan amaitu dute beren txanda, eta zazpigarren izan dira jardunaldian. Kontxako sailkapen orokorrean ere zazpigarren egin dute zumaiarrek. Hasieratik hirugarren postuan mantendu dira, eta Hibaikagandik gertu ibili badira ere, ziabogan eskuetatik ihes egin die aukerak zumaiarrei. Dena den, sendo eta konstantziari eutsiz egin dute estropada, hasieratik bukaeraraino.

Lehen txandako denborak:

1. Hondarribia (11:11.78)
2. Hibaika (11:20.20)
3. Telmo Deun Zumaia (11:24.00)
4. Sanjuan (11:31.06)

Bigarren txandan, berriz, Orio izan da protagonistak, nagusitasunez gailendu baita Kontxako estropaden bigarren jardunaldian. Taldeak garaipen zerrendako bigarren Kontxako Bandera lortu du, Donostiako badian erakustaldia eman eta gero. Estropada hasitakoan, bizi-bizi atera da Donostiarra, eta lehen metroetan segundo bateko aldea atera dio Oriori, aurreko igandean bezala. Hirugarrren minuturako, ordea, Orio jarri da estropada buruan, eta tartea zabaldu dio bigarrenari. Bosgarren minuturako, 5 segundoko aldea izan du, eta ziaboga horrela eman dute. Itzulerako luzea hasi bezain pronto, Oriok aldea handitu du besteekiko, eta, hurrengo minutuetan, primeran finkatutako arraunketarekin eta poparean zoragarri joanez, eroso irabazi du bandera.

Ohorezko txandako denborak:

1. Orio (10:49.54)
2. Donostiarra (11.01.63)
3. Donostia Arraun 
(11:03.62)
4. Tolosaldea (11:04.51)

Kontxako 13. bandera

1. Orio 21:59.80
2. Donostiarra 22:13.84 (+14.04)
3. Arraun Lagunak 22:27.26 (+27.46)
4. Tolosaldea 22:31.92 (+32.12)
5. Hondarribia 22:40.38 (+40.58)
6. Hibaika 22:51.72 (+51.92)
7. Zumaia 23:03.82 (+1:04.02)
8. San Juan 23:22.20 (+1:22.40)

Emakumeen lehia amaitu ondoren, gizonezkoen txanda heldu da. Lehen kaletik atera da Zarauzko Enbata kontsolazio txandan, eta aurreko igandean baino denbora txukunagoa egin badu ere, zortzigarren geratu da sailkapen orokorrean. Urdaibairen eta Donostiarraren artean lehia bizia izan da Kontxako banderako bigarren jardunaldiko lehen txandan; azkenean, Urdaibai bost segundo lehenago iritsi da. Zarautz-Babyauto lehen luzetik laugarren postuan joan da, baina beren mailan, estropada txukuna osatu dute zarauztarrek. 

Lehen txandako denborak:

1. Urdaibai (19:52.70)
2. Donostiarra (19:58.18)
3. Cabo da Cruz (20:00.36)
4. Zarautz Arraun Elkartea (20:25.12)

Hondarribia nagusitasunez gailendu da bai ohorezko txandan, baita aurtengo gizonezkoen Kontxako Banderan ere. Lehengo asteko jardunaldian errenta ona lortu arren, bigarren igandean ere garaile izan dira, eta ezustekorik gabe eraman dute bandera etxera, hirugarren urtez jarraian. Traineru berdeak estropada buruan egin du Ohorezko txandaren tarterik handiena, eta, helmugan, bost segundoko aldea atera dio Zierbena bigarren sailkatuari. Oriori dagokionez, brankaz baino poparean hobeto moldatu dira, eta estropada burutik nahikoa azkar aldendu diren arren, Santurtzirekin lehian hirugarren postua lortu dute, garailearengandik 7,3 segundora. Hala ere, ehuneneko gutxigatik, Oriotarrek ez dute sailkapen orokorrean aurrera egiterik izan, eta laugarren izan dira sailkapen orokorrean.

Ohorezko txandako denborak:

1. Hondarribia 19:39.22
2. Zierbena 19:44.52
3. Orio 19:51.82
4. Santurtzi 19:55.74

Kontxako 125. bandera, sailkapena:

  1. Hondarribia 39:26.42
  2. Zierbena 39:39.74 (+13.22)
  3. Santurtzi 40:02.40 (+35.88)
  4. Orio 40:02.66 (+36.14)
  5. Bermeo Urdaibai 40:09.70 (+43.18)
  6. Donostiarra 40:16.48 (+49.96)
  7. Cabo da Cruz 40:38.66 (+1:12.14)
  8. Zarautz 41:22.66 (+1:56.14)

Ondorengo loturetan daude ikusgai eskualdeko taldeek utzi dituzten irudiak: Oriokoak, Zarauzkoak eta Zumaiakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide