Ordutegi mailakatuak, sarrera bereiztuak, guraso edota laguntzaile saldoa maskarak nonahi... 2020-2021 ikasturtea abian da eta ezohiko irudiak utzi ditu gaur goizean ikasleen geletarako itzulerak. Udako oporren itzuleran urtero sumatzen den urduritasun puntua nabarmenagoa izan da oraingoan. Sei hilabete egin dituzte ikasleek ikastetxeetara joan gabe, martxoan koronabirusaren krisia lehertu zenetik. Eta koronabirusaren hedapena saihesteko neurri berezien artean itzuli dira gaur eskoletara Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Zarautzen eta Zumaian; Aizarnazabalen, Getarian eta Orion bihar hasiko dituzte eskolak, eta Zestoan, berriz, etzi.
Hauek dira ikasturtearen lehen egunaren lehen orduek Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian utzi dutenaren kronikak eta irudiak.
Azkoitia
Martxoaz geroztik hutsik egon diren ikasgeletara itzuli dira gaur, astelehena, Azkoitiko ikaslerik txikienak. Sei urtetik gorako ikasleak maskara jantzita egin dute eskolara bidea; gurasoekin, etxekoekin edo lagunekin batera egin dute aspaldian egin gabe ziren bidea. Eskoletako ateetan zain zituzten irakasleek ere maskararekin egin diete ongi etorria. Ezohiko ikasturte honetako lehen eguna izan dute Xabier Munibe ikastolan eta Floreagan. Gaur Lehen Hezkuntzako eta DBH1 eta DBH2 mailetako ikasleen txanda izan da.
09:00etan hasi da ikasturte berria Xabier Munibe ikastolan, eta koronabirusa ekiditeko hainbat neurri hartu dituzte. Esaterako, mailaz maila egin dute bidea ikasgeletara. Irakasleek beren ikasleak batu dituzte lehenik, eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu dizkiete gero. Gainera, ikastolak bere inguru guztian dituen ateak baliatu dituzte barrura sartzeko modu antolatuan sartzeko.
Floreaga ikastetxean, berriz, 09:30ean hasi dute ikasturtea eta han ere neurriak hartu dituzte. Mailaz maila eta ordenatuta hasi dira ikasleak ikastetxera iristen, izan ere maila bakoitzak bere ordua izan du eskolara iritsi eta dagokion ikasgelara dagokion neurriak hartuta sartzeko. Floreagan ere eskolak dituen ate desberdinak baliatu dituzte ikasgeletara sartzeko.
Eskola barruan, berriz, berrikuntza ugarirekin egin dute topo ikasleek. Lurrean jarraitu beharreko markak aurkitu dituzte; hormetan, berriz, COVID-19ari lotutako hainbat gomendio eta jarraibide azaltzen dituzten kartelak ikusi dituzte ohiko marrazkiekin eta irudiekin batera. Hilaren 15ean, asteartea, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleek hasiko dute ikasturtea.
Azpeitia
Ezohiko egoeran, ikasturtea ere halaxe hasi dute gaur, astelehena, herriko lau ikastetxeetako ikasleek. Motxilak eta maskarak soinean, modu mailakatuan bete dituzte martxotik hutsik egon diren ikasgelak, pilaketak saihesteko helburuarekin.
Iraurgiko eta Karmelo Etxegaraiko ateak 09:00etan zabaldu dituzte, 09:15etan Ikasberrikoak eta 10:00etan Urola ikastolakoak. Jolastokietan ilarak osatu dituzte ikasleek, irakasleen laguntzarekin, eta pixkanaka-pixkanaka eta elkarren arteko tarteak zainduz sartu dira ikasgeletara, kanpoan gelditu behar izan duten gurasoen begiradapean.
Behin ikastetxe barrura sartuta, ohitura berrietara egokitzen hasi behar izan dute txikienek, ikastetxe guztietan hartu baitituzte segurtasuna bermatzeko neurriak: lurrean jarri dituzten gezien arabera ibili beharko dute, eskuak sarri garbitu beharko dituzte, erabilitako materiala desinfektatu beharko dute, eta abar.
DBH2tik gorako ikasleek datorren astelehenean ekingo diote ikasturte berriari.
[gallery size="medium" ids="408636,408637,408638,408639,408640,408641,408642,408643"]
Zarautz
Sei hilabete ikasgelara sartu gabe igaro ostean, gaur abiatu da ikasturtea hainbat eta hainbat ikaslerentzat. Esaterako, Orokieta Herri Eskolaren eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren inguruetan ez zen giro gaur goizean, 09:00etarako minutu gutxi falta zirenean. Haurrak ilaretan eta musukoarekin, gelara sartzeko beren txanden zain. Salbatore Mitxelena Ikastolan, esaterako, eraikinaren ingurua egokitu dute sartzerako orduan ikasle guztiak elkarrekin pila ez daitezen. Hala, mailaka eta gelaka bildu dira Bertsolarien plazan nahiz Iñurritzako zelaian.
Orokietan, berriz, denak ordu berean elkartu dira patioan, distantziak mantenduta. Eskumuturretan koloretako pultserak jarri dizkiete, arduradunek errazago identifikatzeko gela bakoitzeko haurrak.
LH2ko gela batekoak beren ikasgelara nola sartu diren bertatik bertara ikusi du HITZAk, eta baita ilaran nola eskuak banan-banan garbitu dizkien ere Itziar irakasleak. Ondoren, bakoitzari esan dio non eseri behar zuen, eta lauko mahaietan kokatu dira txikiak. Mahai bakoitzean kolore desberdineko lau aulki zituzten zain, eta zintzo-zintzo eseri da nor bere tokian.
Gurasoen eta haurren iritziak
Umeek eguna urduri hasi dute. Orokietako LH5eko ikasle batzuek azaldu dute gauean lo gutxi egin dutela. "Beroa ere banuen, eta pijama aldatu behar izan dut gauerdian!", esan du batek umoretsu.
Gurasoek ere esan dute urduri baina gogotsu hasi dutela eguna umeek. Etxetik ateratzeko unean bereziki, oso urduri sumatu dituela azaldu du Ikastolako bi haurren zaintzaile den herritar batek, eta izan da ikastolarako bidea isildu gabe egin duen haurrik ere: "nor jarriko dute gelako arduradun?, nola izango dira halako eta halako?" galdetzen zion aitari.
Maila ezberdinetako haurrak elkarrekin gurutza ez daitezen, txandaka sartuko dira aurrerantzean Ikastolako eraikinera haurrak. Zenbait familiarentzat egunerokoa antolatzeko zailtasuna da ordutegi txandakatuen kontua, ordea. Ikastolan hiru haur dituen guraso batek azaldu du konplikatua izango dela egunaren hasiera aurrerantzean, baina ahal duten moduan antolatu beharko dutela. Dena den, ikastolaren antolakuntzarekin "gustura" agertu da. Urduri egon arren, haurrei azaldu die aurten ere gaixotzea tokatuko zaiela ziurrenik, "beste urteetan bezalaxe".
Orokietan, esaterako, ume guztiak gelara sartu ondoren ere, bazen guraso talderik ikastetxe kanpoaldean, berriketan. Hasiberri den ikasturteaz galdetuta, iritzi diote ikastetxeak protokolo zorrotzak ezarri dituela, eta horiek betez gero, gauzak ondo joango direla. "Arazoa da 16:30etik aurrera zer gertatuko den. Guraso bakoitzak hartu beharko ditu neurriak, eta logikoena litzateke aurten parkera gutxiago joatea. Orain, eguraldiak laguntzen duenean behintzat, hondartzara joango gara", esan du ama batek.
Maskarekin egon beharko dute sei urtetik gorako haurrek geletan, eta denetariko iritziak dituzte horren aurrean. Batek azaldu du uda osoa maskarekin igaro dutela ume askok, eta horiek ohituta daudela. Beste batek, bereak 5 urte dituela eta maskararik gabe egon dela, eta orain ohitu egin beharko duela. Gainera, amari esan diola noizbehinka segundo batez jaitsi egingo duela, arnasa hobeto hartzeko. "Esan dit nola egin behar duen soinketa maskararekin, izerdi patsetan egonda".
Kontuak kontu, espero dute aurrez aurreko eskolak ahalik luzaroen jaso ahal izatea ikasleek ikasturte berezi honetan.
[gallery size="medium" ids="408644,408645,408646,408647,408648,408649,408650,408651,408652"]
Zumaia
Urduritasuna eragin ohi du ikasturteko lehen egunak txiki eta ez hain txikiengan, eta aurtengoan inoiz baino arrazoi gehiago egon da horretarako. Maskarak soinean, ilaretan txanda itxoinda, eta tenperatura hartuta sartu dira ikasgeletara herriguneko eta Oikiko ehunka ume.
2020ko irailaren 7ak irudi bitxia ekarri du: haurrak maskarak soinean, eskola kanpoan ilaretan, gelara sartzeko txandaren zain. Eskola barruan eskuak gelekin garbitzen, tenperatura hartzen, eta ikasgelan musukoa jantzita dira eguneko beste irudi esanguratsuak. COVID-19 birusaren hedapenari aurre egiteko protokolo zorrotzak bete behar dituzte ikastetxeek, eta gaurtik aurrera jarriko dituzte praktikan azken asteetan prestatutako plangintzak.
[gallery size="medium" ids="408653,408654,408655,408656,408657,408658,408659,408660,408661"]