Haizeak eta itsasoak baldintzatu dute gaur goizeko emakumezkoen Kontxako estropada, eta itsasoko estropada bikaina ikusteko aukera izan dute zaleek. Emakumezkoen bigarren txandan aritu dira Orio eta Zumaian. Joaneko lehen zatian Donostiarrak sartu du branka aurretik, baina gertu jarraitu diote Orioko eta Zumaiako neskek ere.
Behin puntak pasata olatuen artean mugitzea egokitu zaie traineruei. Hor aurrea hartu dute faboritoek, Donostiarrak eta Oriok; Zumaiaren eta Hibaikaren borroka beste bat zen.
Alde batetik, poparean, lehia bizia eta polita jokatu dute Oriok eta Donostiarrak. Nadeth Agirre patroiak lan bikaina egin du, eta olatuen indarra eta bulkada aprobetxatzen jakin du estropadaren buruan jartzeko. Itzulerako azken zatian ere norgehiagoka estua jokatu dute bi ontziek; azkenean, helmugan 2,38 segundoko aldea atera diote oriotarrek Donostiako taldeari.
Poparean ez da hain ondo moldatu Zumaia –lehen kalean aritzeak ez die fabore askorik egin–, eta bueltako luzea hartu eta berehala traineru bateko aldea atera dio Hibaikak. Arraunerako baldintza hobe batzuen bila, estropada eremua zeharkatu eta hirugarren kaletik heldu da Telmo Deun, bere txandako laugarren postuan. Sailkapen orokorrean zazpigarren izan dira Kike Manterolak entrenatutako neskak.
[gallery size="medium" ids="408599,408600,408601"]
Estropada bukatutakoan Itziar Olasagasti arraunlari oriotarrak ETB-ri azaldu dionez, buruz burukoa "estua" izan da, baina "pozik" daude lortutako emaitzarekin. Dena dela, datorren igandekoa estropada berri bat izango dela uste du, "ohorezko txandan parte hartuko dugun guztiok aterako baikara txanda irabaztera". Hala, bandera irabazteko lehia irekia geratu da, eta arraun ikuskizun bikaina ikusteko aukera izango da datorren igandeko emakumezkoen estropadan.
KONTXAKO ESTROPADAKO 1. JARDUNALDIKO EMAITZAK
1.- Orio 11:10, 26
2.- Donostiarra 11:12,48
3.- Arraun Lagunak 11:23,86
4.- Tolosaldea 11:27,80
5.- Hondarribia 11:28,60
6.- Hibaika 11:31,52
7.- Zumaia 11:39,82
8.- San Juan 11:51,14