Oriok etxeko lanak bete ditu eta Zarautzek ezustekoa eman du Kontxan sailkatuta

Aritz Mutiozabal 2020ko irailaren 3a

Zarauztarrek azkenekoz 2007an jokatu zuten Kontxako Bandera. Getaria eta Zumaia sailkatze postuetatik oso urruti geratu dira.

Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatu dute gizonezkoek gaur arratsaldean Donostiako badian, erlojuaren aurka. Zarautz Babyautori lehena izatea tokatu zaio. Erreferentziarik gabe uretaratzea, eta serio demonio ekin diote lanari. Konfiantzaz, beraien lanean buru-belarri. Estropada handi bat egin dute, eta ezustekoa emanez, datozen bi igandetan Kontxako Banderaren lehian izango dira. Azkenekoz, 2007an izan zen Enbata. Beraz, TKE ligarako itzuleran Kontxara itzultzea erelortu du Zarautzek.

Ziabogarako jada ikusten zen ligako bere aurkari zuzenak –Lekittarra, Ondarroa eta Ares– atzerago zeudela. Zalantza, ordea, playoff kanporaketan aurrez aurre izango dituen Pedreña, San Pedro, meira eta Tiranek egingo zutenarekin zegoen, baina gaurkoan Enbata gehiago izan da. Argi dago playofferako erreferentzia gisa hartzeko test bat izan dela gaurkoa, baina kanporaketa bestelako istorio bat izango da.

Atzo Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoak sailkatu ziren bezala, gaur gizonezkoek bete dituzte etxeko lanak. Orioko txalupa hirugarren aterako da arratsaldeko sailkatze estropadan, gaurko denbora onena (19:45,18) ezarri duen Zierbenaren atzetik. Jon Salsamendik gidatzen duen taldeak estropada txukuna osatu du, eta bigarren izan da, lehengoarengandik ia lau segundora.

Gainerako sailkatuak izan dira Hondarribia, Santurtzi, Urdaibai, Cabo eta, ezustekoa emanez, Zarautz; azken hauek hamahiru urte geroago, berriro izango dira Kontxan. Ohi bezala, Donostiarra zuzenean sailkatu da. Eskualdeko beste ontziak, Getaria eta Zumaia, sailkatze tokitatik oso urrun geratu dira 18. eta 19. postuan, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide