Urteak dira haur sahararrak Euskal Herrira uda igarotzera etortzen direla, beren bizilekuan egin ohi ez dituzten mediku azterketak egitera eta beroari ihesi, besteak beste. Oporrak Bakean programak lan ugari egin du hori posible izan dadin, baina aurten, gauza gehienak bezala, proiektu hori ere hankaz gora jarri du COVID-19 gaitzak. Hori horrela, 300 haur saharar inguru Euskal Herrira etorri gabe gelditu dira.
Osasun krisiak eragindako kalteak atzera bueltarik ez duen arren, tokian tokiko elkarteek ez dute ezer egin gabe gelditu nahi izan, eta haur sahararrei bidaltzeko maletak prestatzeari ekin diote. Hain justu, Euskal Herritik 300 maleta bidali nahi dituzte Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara, han beharrezko duten materialarekin. Eskualdeko herrietan ere egingo dituzte bilketak.
Zumaiako Darahli elkarteak arropaz, eskola materialez, sendagaiz, maskaraz eta gel hidroalkoholikoz betetako 28 kiloko poltsak bidaliko dizkie haur sahararrei. Bilketa bihar, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, egingo dute, Odieta pilotalekuan.
Honako produktu hauek bilduko dituzte bertan: neguko arropa –10 eta 16 urte bitarteko haurrentzat txamarrak, sudaderak, zapatilak, kamisetak, txandalak...–, prebentziorako osasun materiala –maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak–, paracetamol eta eskola materiala –koadernoak, arkatzak, margoak–. Horrez gain, Oporrak Bakean programaren erakusketa eta informazio mahaia ere jarriko dituzte egun horietan Odietan.
Zestoako Wadna elkarteak Darahli elkartearekin batera egingo du bilketa, eta elkarrekin bidaliko dute jasotako materiala kanpalekuetara. Beraz, Zumaian jasoko duten material bera bilduko du Zestoako taldeak ere. Dena dela, Wadnakoek Zestoan jasoko dute materiala; irailaren 10ean jarriko dira Wadnako kideak udaletxearen azpian, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Azkoitian ere Darahliren bidez egingo dute bilketa; neguko arropa, maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak, paracetamol eta eskolako materiala jasoko dituzte. Kontzejupean jarriko dute materiala biltzeko gunea larunbatean –irailak 5–, 10:30etik 13:30era.
Zarautzen ere bai
Zarauzko Saharautz taldeak ere parte hartuko du proiektuan. Neguko arropa jasoko dute gaur, 20:00etan, Saharautzen elkartean bertan (Loretoki kalea). Saharautz taldekoak jakitun dira Zumaian eta Zestoan gelak, maskarak eta bestelakoak ere bilduko dituztela, baina beraiek ez dute halakorik jasoko, hainbeste material biltzeko ahalmenik ez dutelako. Ziurrenik datorren astean beste egun bat finkatuko dute bilketarekin jarraitzeko, baina oraindik ez dute zehaztu zein egun izango den.