Santanderren jokatu dituzte gaur ere KAE eta ETE ligetako estropadak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 16a, 20:55

Santanderren jokatu dira asteburu honetan KAE eta ETE ligetako estropadak. Gaur bi liga hauetako zortzigarren jardunaldiko saioak izan dira: eguerdian KAE 1 ligakoa, eta arratsaldez ETE eta KAE 2 ligetakoa.

KAE 1 ligako XV. Marina de Cudeyo bandera jokatu da gaur eguerdiko 12:00etatik aurrera. Haizeak baldintzatu duen estropada Pedreñak irabazi du, San Pedro eta Arkoteren aurretik. Eskualdeko traineruei dagokionez, onena Getaria izan da; bosgarren izan da gaur Getariako Esperantza, zazpigarren Orioko B ontzia, eta bederatzigarren Zumaia. 

Sailkapen orokorrean, Getaria da eskualdeko onena, laugarren postuan, hirugarren dagoen Arkoterekin 8,50 puntuetara berdinduta. Kontutan hartu behar da Getariak ez zituela pasa den asteburuko estropadak jokatu, arraunlari batek positibo eman ondoren. Zumaiak zortzigarren da, 4,63 punturekin, eta Orio B bederatzigarren 4,13 punturekin. Pedreña da sailkapeneko liderra.

Hemen gaurko estropadak eman dituen denborak.

KAE 2 ligako zortzigarren jardunaldiko bandera ere jokoan izan da gaur, arratsaldean, Santanderren. Castro izan da gaur onena, Hondarribia eta Lapurdiren aurretik. Zarauzko B ontzia hamargarren izan da gaur.

Sailkapen orokorrean Castro da buruan, Lapurdiren aurretik. Zarautz hamargarrena da, aurretik duen Santurtzirekiko punto bakarrera.

Hona hemen estropadako denborak. 

Arratsaldean baita ere, ETE ligako zortzigarren jardunaldia izan da jokoan, I. Romsi bandera, alegia. Zumaiako trainerua hirugarren izan da gaur, eta ezin izan du bezperan lortutako garaipena berretsi. Hibaikak irabazi du gaurko bandera, Tolosaldearen aurretik.

Sailkapen orokorrean Tolosaldea da buruan, Zumaia eta Hibaikaren aurretik. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak.

Datorren asteburuan Getxon jokatuko dira KAE 1 eta 2, eta ETE ligetako estropadak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide