Bandera irabazi du Zumaiak Santanderren

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 15a

Zapigarren jardunaldian irabazi du Zumaiako emakumezkoen traineruak ETE ligako denboraldi honetako lehen bandera. Santandarren izan da, gaur arratsaldean. Bihar beste estropada bat izango dute, Kantabriako hiriburuan berriro ere.

Bitan izan da Zumaia banderak irabazteko zorian uda honetan: denboraldiko lehen jardunaldian –lau ehunekogatik besterik ez zuten irabazi–, eta pasa den larunbatean, ETE ligako bosgarrenean. Bietan ere bigarren izan ziren Kike Manterolak gidatutako neskak. Bietan ere Tolosaldeak eraman zituen banderak etxera.

Gaurko estropadan ez da hala izan. Deusto, Tolosaldea eta San Juanekin lehiatu da Zumaia ohorezko mailan. Ohikoa den bezala, bi luzetara jokatu dute estropada, ziaboga batekin. Ziabogako orduan bigarren izan da Telmo Deun, buelta aurretik eman duen Tolosaldearekiko segundo bakarrera. Itzulerako luzean, baina, gorriak nagusitu dira; aurrea hartu diote Tolosaldeari, eta ez dute inoiz burua galdu. Bukaeran hiru segundo eta erdiko aldea izan da bandera irabazi duen Zumaia eta bigarren egin duen Tolosaldearen artean. Hibaika izan da hirugarren eta Deusto laugarren. 

Hemen ikus daitezke estropadan izandako denborak.

Bihar ROSMI bandera izango dute jokoan, 17:00etatik aurrera. 

Goiz parte, eguerdian, 50. Santander Hiria izan da jokoan. KAE-1 ligako jardunaldia izan da hau, eta eskualdeko hiru klubek parte hartu dute: Getariak –koronabirus kasu positibo batengatik aurreko asteburuan ez lehiatu ondoren–, Zumaiak eta Orioko B ontziak. 

Hiruretatik Getariak egin du denborarik onena; seigarren izan da Pedreñako traineruak irabazi duen estropada batean. Orio B zazpigarren izan da, eta gaur pattal aritu den Zumaiako Telmo Deun hamargarren.

Hona hemen gaurko estropadak eman dituen denborak.

Arratsaldean, emakumezkoen estropadaren ondoren, KAE 2 ligako jardunaldia jokatu du. Santanderreko Hiria izan dute hauek ere jokoan, eta Zarauzko B ontzia bederatzigarren izan da, Lapurdik irabazi duen estropada batean.

Hemen ikus daitezke estropadako denborak.

Marina de Cudeyo bandera izango dute jokoan KAE ligetatako traineruek. KAE 1eko estropada 12:00etan jokatuko da, eta KAE 2koa arratsaldean, 18:00etatik aurrera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide