Donibane Lohizune Ziburuko III. Ikurrina zegoen gaur jokoan Getxon, ETE ligaren barruan. Bezperan, Getarian, bigarren izan ondoren, Zumaiako ontziak bazituen gauza handiak egiteko esperantzak, baina gaurkoan ez da posible izan. Kike Manterolak gidatutako ontzia laugarren izan da gaur, Tolosaldea, San Juan eta Hibaikaren atzetik.
Albiste ona: gaur ere Deusto atzean utzi dutela, eta, hala, tartea zabaldu dute sailkapen orokorrean. Zumaia hirugarren da, 37 punturekin, Tolosaldea (54 puntu) eta San Juan (40 puntu) kluben atzetik. Deusto atzean da, laugarren postuan, Ondarroarekin 34 puntura berdinduta.
Hona hemen gaur Getxon izan diren denborak.
Gizonezkoek, berriz, ligako seigarren jardunaldia zuten gaur jokoan. Estropada eremu bitxia izan da Getxon prestatu dutena: sei kaleko eremua izan da gaurkoa. Zumaia eta Orio lehen txandan aritu dira, beste lau ontzirekin batera. Bere txandako hirugarrena izan da Zumaia, eta laugarrena Orio.
Ohorezko txandan aritu diren bost ontziek denbora hobeagoak egin dituzte eta, ondorioz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du Telmo Deunek gaurkoan, eta bederatzigarrenarekin Oriok. Getaria gaur ere ez da lehiatu, koronabirusa dela eta. Estropada Deustok irabazi du.
Hemen ikus daitezke ligako seigarren jardunaldian izandako denborak.
KAE 2 ligan, Donibane Lohizune Ziburuko 28. estropada jokatu da. Zarauzko bigarren ontzia bederatzigarren izan da, Castrok irabazi duen estropadan. Sailkapen orokorrean 10. dira zarauztarrak, 17 punturekin, sei punturekin azkena den Santoñaren aurretik.
Hemen gaurko estropadako denborak.