Zumaiak lan ona egin du gaur Getarian, KAE-1 eta ETE ligetako estropadetan

Juan Luis Romatet 2020ko abuztuaren 8a

KAE 1 eta ETE ligetako estropadak jokatu dituzte gaur Getarian. Zumaiako ontziek itxura ona eman dute, eta emakumezkoak bandera irabazteko zorian izan dira.

ETE ligako Ondarroako 36. Bandera – Itsaskorda Saria jokatu da gaur goizean, 11:00etatik aurrera. Liga honetan eskualdeko ontzi bakarrak parte hartzen du, Zumaiako Telmo Deunek, eta bandera irabazteko zorian izan da. Ohorezko txandan aritu dira zumaiarrak, eta ziabogan lehenak ziren, bigarrenarekiko segundo bateko aldearekin. Itzulerako luzean, baina, Tolosaldea indartsuagoa izan da, eta bandera etxera eraman du; Zumaia bigarren izan da, hiru segundo eskasera.

Hemen ikus daitezke emakumezkoen estropadan izandako denborak.

Ondoren gizonezkoen txanda izan da. Getariako XI. Estropada jokatu da eguerdiko 12:00etan, KAE 1 ligako bosgarrena. Denboraldi bikaina egiten ari den etxeko traineruak ezin izan du parte hartu, astean zehar arraunlari batek koronabirus proban positibo eman, eta denbora baterako lehiatik kanpo utzi duelako Liga berak. Hala, eskualdeko bi traineru izan dira lehian: Zumaia eta Orioko B ontzia.

Zumaiak egin du bietatik lan onena. Seigarren izan da sailkapenean bere txandan hirugarren egin ondoren. Bosgarren egin duen, eta ohorezko txandan aritu den San Juan segundo eta erdira izan dute gaur zumaiarrek. Orio B, berriz, azkena izan da gaurko estropadan.

Gaurko estropadako emaitzak hemen ikus daitezke.

KAE-1eko eta ETE ligako ontziek bihar bertan jokatuko dute seigarren jardunaldia, arratsaldez, Getxon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide