Donostiako Musika Hamabostaldia eskualdera iritsiko da asteburuan, eta hilabete osoan zehar hainbat emanaldi ikusteko aukera egongo da hainbat herritan. Larunbatean hasi eta abuztuaren 29ra bitartean Donostiako eta Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dituzte kontzertuak, tartean eskualdeko herrietan. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian organo zikloaren kontzertuak emango dituzte; halere, Zumaian 'Musika Aitzaki' emanaldia ere eskainiko dute, Getarian bezala.
Datorren igandean, abuztuak 2, Azpeitiko bi organo-jotzaileren kontzertua izango da Loiolako basilikan. Loli Oteizak eta Itziar Urbietak eskainiko dute emanaldia, 20:00etan hasita. Emanaldirako sarrera mugatua izango da, eta kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena eskuratu beharko dute aurrez. Gonbidapenak Azpeitiko Udaleko Kultura Sailean eskatu daitezke gaur arte –uztailak 28–. Pertsona bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen eskatu ahal izango ditu, eta eskaerak egiten dituztenek izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte, prebentzio neurri gisa.
Abuztuaren 3an, astelehena, Garikoitz Mendizabal txistulariaren eta Mari Karmen Azpeitia organo-jotzailearen kontzertua izango da, Zumaiako San Pedro elizan. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Gonbidapenak Zumaiako turismo bulegoan eskuratu ahal izango dira uztailaren 29tik aurrera.
Abuztuaren 5ean, berriz, Donostiako Musika Hamabostaldia Azkoitira iritsiko da. 20:00etan hasita, Juan de la Reina organo-jotzaileak Andra Mari elizan eskainiko du kontzertua. Kontzertura joan nahi dutenek Azkoitiko udaletxeko Kultura saileko 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu beharko dute astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Deian, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira. Gonbidapena Kultura sailean edota kontzertuaren egunean parrokiarako sarreran jaso ahalko da, 19:30etik 20:00etara bitartean.
'Musika Aitzaki' emanaldiak
Organo zikloaz gain, eskualdean 'Musika Aitzaki' emanaldiak ere izango dira. Abuztuaren 6an, Andoni Sierrak zuzentzen duen Conductus Ensemble taldeak kontzertua emango du Zumaiako 36. Musika Jaialdiko egitarauaren barruan. 'Bach ispilu aurrean' du izena kontzertuak, eta 20:30ean izango da parrokian. Gonbidapenak uztailaren 29tik aurrera egongo dira eskuragarri Zumaiako turismo bulegoan.
Azken emanaldia Getarian izango da, abuztuaren 18an. Ander Telleria akordeoi mesotonikoarekin, Anna Margules flauta eztiarekin eta Tetrapilla Ensemble ahots laukotea arituko dira San Salvador elizan, 20:30etik aurrera. Sarrerak turismo bulegoan eskatu beharko dira abuztuaren 4an; 17:30etik 19:30era artean egongo da zabalik bulegoa. Erreserbatutako sarrerak jasotzeko, emanaldi bakoitza baino bi ordu lehenago Getariako turismo bulegotik pasa beharko da. Getariarrek, gainera, sarrera eskuratzeko lehentasuna izango dutela aurreratu du Getariako Udalak. Emanaldia hasi baino hamabost minutu lehenago bakoitzak bere lekuan eserita egon beharko duela zehaztu du udalak, bestela sarrera galdutzat emango dute.