Lehen mailako traineruak Bilbon eta Lekeition ariko dira asteburuan

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 24a

KAE1, KAE2 eta ETE Ligako estropadak Getarian eta Pasaian jokatuko dira. Pasaiako Udalak aditzera eman du ez duelako baimenduko estropadak ikustera joatea; gauza bera eskatu zuen pasa den astean Getariako Udalak.

Bilbon jokatuko dute Orio Arraun Elkarteko lehen mailako bi traineruek eta Zarautz Babyautok larunbat arratsaldean. Erlojuaren aurkako saioa izango da Ibaizabal ibaian: emakumezkoek ziaboga bat eta bi luzetara jokatuko dute, eta gizonezkoek hiru ziaboga eta lau luzeetara. Emakumezkoetan, txanda bakarrean irtengo dira lau ontziak; gizonezkoetan, aldiz, hiru txandatan hamabi traineruak, minutu bateko aldearekin. Lehen txandan irtengo da Zarautz Babyauto, Kaikuren ondoren eta Ondarroa eta Aresen aurretik, eta hirugarrenean, berriz, Orio: Urdaibai eta Donostiarraren ondoren, eta Santurtziren aurretik.

Igandean, berriz, Lekeitioko uretan jokatuko da estropada. Denboraldi erdira iritsita egongo dira ordurako, izan ere, play-offaren aurretik 16 estropada jokatzen dira, eta igandekoa zortzigarrena izango da. Hemen ez dute erlojuaren aurka lehiatu beharko; ohiko legez izango da estropada.

KAE eta ETE, Gipuzkoan

Aurreko igandean bezala, larunbat honetan ere, Getarian jokatuko dira KAE1, KAE2 eta ETE Ligako estropadak; pasa den asteko eremu berean izango da. Zumaiako emakumezkoak hirugarren dira sailkapen nagusian ETEn, bigarren den San Juan talde pasaitarrarekin berdinduta. KAE1 mailan, Zumaia, Orio eta Getaria daude. Esperantza trainerua hirugarren da sailkapenean 20 punturekin; bederatzigarren Orioko bigarren taldea, 8 punturekin; eta atzetik Zumaia, hamargarren postuan puntu bat gutxiagorekin. Azkenik, KAE2 Ligan, eskualdeko talde bakarra dago: Zarautz. Alex Orena prestatzailearen talde sortu berria bederatzigarren da sailkapen nagusian, 6 punturekin.

Lehenik eta behin, goizean, ETE eta KAE1 mailakoak ariko dira: ETE goizeko hamaiketatik aurrera, eta KAE1 ondoren, 12:00etan hasita. Arratsaldean KAE2 mailako ontziak ariko dira. Berdin, baina erlojuaren aurkako saion, igandean, Pasai Donibanen.

ASTEBURUKO ESTROPADAK

Euskotren Liga, emakumezkoak

  • Larunbatean, 17:40ean: II. Bilboko Bandera
  • Igandean, 11:40ean: IX. Euskotren Bandera (Lekeitio)

Eusko Label Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 18:00etan: XI. Bilboko Bandera
  • Igandean, 12:00etan: XXXV. El Correo Ikurriña (Lekeitio)

ETE Liga, emakumezkoak

  • Larunbatean, 11:00etan: II. Zumaiako Ikurriña (Getaria)
  • Igandean, 11:00etan: IV. Adegi Bandera (Pasai Donibane)

KAE1 Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 12:00etan: XXXV. Zumaiako Ikurrina (Getaria)
  • Igandean, 12:00etan: IV. Adegi Bandera (Pasai Donibane)

KAE2 Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 18:00etan: Mutrikuko Yurrita Group Bandera (Getaria)
  • Igandean, 18:00etan: 700. Errenteriako Udala (Pasai Donibane)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide