Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, bigarrenez, Euskaraldia, eta hainbat berrikuntza izango ditu aurrekoarekin alderatuta. Izan ere, aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean egiteko aukera ere egongo da arigune-en bidez. Hau da, enpresetan, erakundeetan eta elkarteetan euskaraz aritzeko guneak sortzea da helburu nagusia aurten. Urrian hasi ziren herri askotan Euskaraldia prestatzeko lanetan, baina COVID-19 birusaren agerraldiak planak goitik behera aldarazi dizkie dinamizatzaileei. Hala ere, eta zailtasunak zailtasun, udako etenaldira martxa hartuta iritsi dira, eta horren lekuko, Orion astelehen arratsaldean Orioko hamalaukoarekin elizako zimitorioan atera zuten argazkia.
Giro ederrean, beren artean berriketan aritzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, mokadutxoa jaten zuten bitartean. Hala, euskara ere izan zuten hizpide, eta azpimarratu zuten Euskaraldia garrantzitsua dela euskararen erabilera indartzeko. Askok aipatu zuten euskara dela harremanetarako erabiltzen duten hizkuntza nagusia, baina, beste zenbait arlotan aurrerapausoak emateko beharra ere nabarmendu zuten.
Entitate hauek osatu dute Orioko hamalaukoa:
-Arraun elkartea
-Botika
-Libe dietista-nutrizionista
-Errusta taberna
-Gozategi frutategia
-Katxiña erretegia
-Kolon Txiki taberna
-Kutixi kafetegia
-Musika Eskola
-Orioko AEK
-Orioko Udala
-Salatxo abesbatza
-Saltxerak-Gaztetxea-Batukada
-The Pass denda-taberna
Euskaraldiak hiru dinamizatzaile ditu kostako herrietarako, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topaguneak egindako hitzarmenari esker. Hirurak buru-belarri dabiltza herrietako Euskaraldiko batzordeetan akuilu lanak egiten, eta hilabete hauen gazi-gozoak izan dituzte hizpide. Alde batetik, «erantzun ona» jaso dutelako elkarte, denda nahiz enpresetara jo dutenean «eta mezua ulertu delako». Bestetik, baina, atzeratu egin behar izan dutelako guztia. Hala kontatu du Alazne Aizpurua Zarauzko dinamizatzaileak: «Barne lanketa egin dugu, baina oso zaila izan da herrira begira lan egitea, are gehiago entitateekin harremanetan jartzea. Plangintza zeharo aldatu zigun koronabirusaren agerpenak. Izen emate guztiak datoz atzeratuta, gu geu ere atzeratu egin garelako egoeraren ondorioz».
Aurtengo asmoen berri badute herrietako eragile askok, batez ere kirol eta kultur elkarteek, horiengana jo dutelako aurrena. Enpresak eta dendak ere hasi dira bisitatzen, baina nahi baino motelago ari dira eremu horietan. «Euskaraldiak aurten dakarren apustu potenteena eta berritzaileena enpresen ingurukoa da. Espazio horiek irabaztea da apustua. Gure eskualdean, euskalduntzeko falta den hori hor dagoelako», azaldu du Egoitz Dorronsoro Orio eta Aiako dinamizatzaileak. Sara Saizar Zumaiako eta Getariako dinamizatzaileak gogorarazi du, halaber, Urola Kosta «oso turistikoa» ari dela bihurtzen: «Guretzat garrantzitsua da hor euskarari bere tokia ematea». Herriz herri jarri dituzte lehentasunak, bakoitzeko errealitatearen arabera. Orion, esaterako, argi dute herriko merkatari eta ostalariekin egin behar dela lan, «enpresa gutxi dagoelako». Ordea, 100 establezimendu inguru daude, eta %90ean Euskaraldiaren ariketa egin daitekeela uste du Dorronsorok.
Zarautzen eta Zumaian ere harremanetan daude herriko hainbat enpresarekin. «Informazioa jasota dute, eta orain barne lana egitea tokatzen zaie, taldean erabaki behar delako parte hartu ala ez eta zer arigune sortu», azaldu du Aizpuruak. Irail amaierara arte dago izena emateko aukera Euskaraldian, eta oporren bueltan hasiko dira aurtengo erronka nagusiari adarretatik heltzen, COVID-19ak horretarako baimena ematen badu bederen.