Siemensek hamabost kaleratze iragarri ditu Zumaiako lantegian

Maria Maya Manterola 2020ko uztailaren 21a

Enpresa batzordea alternatibak bilatzen saiatu arren enpresak uko egin dio "kaleratze traumatikoak" ez diren ezeri buruz hitz egiteari, ELAren arabera. Ostegunetik abuztuaren amaierara arte bi orduko lanuzteak deitu dituzte langileek, enpresaren erabakia atzera botatzeko.

Siemens Gamesak hamabost langile kaleratzeko asmoa jakinarazi dio enpresak Oikian duen lantegiko batzordeari, ELAren arabera. Langileek txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak deitu dituzte hilaren 23an hasi eta abuztuaren amaierara arte, enpresaren erabakia atzera botatzeko.

Enpresaren errealitatea aintzat ez hartzeaz gain, "neurriz kanpokoa" da kaleratze horiek egitea, sindikatuak azaldu duenez: "Enpresak tresna legal batzuk ditu egoera hori aurre egiteko. Ez da inondik inora ere egiturazkoa". Gaineratu du enpresa batzordea alternatibak bilatzen saiatu arren enpresak uko egin diola "kaleratze traumatikoak" ez diren ezeri buruz hitz egiteari. 

LAB sindikatuak ere gogor salatu du enpresaren jarrera. Beraien esanetan, "jazarpen sindikalaren" adibidea da enpresa honetan gertatzen ari dena. "Kaleratzeen aurka mobilizatu dira Guascorreko langileak, eta bitartean, zuzendaritzak argi utzi du edozein hariri tiratzeko prest dagoela enpresa-batzordea beldurtzeko". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide