Hondarribia eta Orio, Gipuzkoako txapeldun

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uztailaren 16a

Gipuzkoako traineru txapelketa jokatu da asteazken arratsaldean Orion, ikusleei ateak itxita. Ez ohiko eta agian aurrerantzean ikusiko den irudia utzi du estropada saioak: zuzendaritzako kideez eta lehorrean geratu diren arraunlariez gain, ez zegoen inor kofradian, kazetari pare bat baino ez. Arraunzaleek Itxaspe eta Molarri aldera jo behar izan dute hala moduz arraunaz gozatzeko, baina batzuk animatu dira estropada itsasotik jarraitzera, piraguan edota txalupan joanda.

Emakumezkoetan, oriotarrek garaikurra eskuratu dute. Bigarren txandan irten dira, Euskotren Ligan lehiakide dituen beste hiru ontziren aurka: Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia. Ziabogarako sei segundoko abantaila zuten oriotarrek, eta poparean are nagusiago aritu, eta bederatzi segundo aurretik helmugaratu dira. Zumaia, berriz, erlojuaren aurka aritu du aurrez. Bera baino lehenago irten direnen denborak hobetzea lortu du, baina txanda irabaztetik oso urrun egon da.

Gizonezkoetan, lehen txanda gogorra ikusi da. Bertan aritu dira Getaria eta Zumaia, baina azken hau nahiko atzean geratu da besteekiko. San Juan eta batez ere San Pedro fin eta indartsu aritu dira; azken honek irabazi du txanda. Hirugarren txandan, Eusko Label Ligan aritzen diren traineru gipuzkoarrak lehiatu dira: Zarautz, Hondarribia, Orio eta Donostiarra. Enbata nahiko atzean geratu da lehen luzearen erdirako, eta beste hiruen artean egon da lehia. Orio lehen postuan ailegatu da lehen ziabogara, baina bigarren luzean atzean geratu eta Hondarribiak hartu du estropadaren burua. Azkenean, amaieran, Ama Guadalupekoak etxeratu du garaikurra, azkarrenak izanda 20:28ko denbora markatuta.

Sailkapen osoa ikusteko, klikatu hemen.

Euskadiko Txapelketa, jomugan

Emakumezkoen lehen lau traineru sailkatuek eta gizonezkoen beste hainbestek, txartela eskuratu dute uztailaren 31n Lekeition jokatuko den Euskadiko Txapelketan aritzeko. Bizkaiko zortzi traineru onenen aurka izango da lehia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide