Euskal Herriko Unescoren Sarea Zumaian bildu da gaur

Juan Luis Romatet 2020ko uztailaren 15a

Euskal Herriko Unescoren Sarea osatzen duten eragileak Zumaian bildu dira gaur urteko topaketa egiteko. Sare horretako partaide den Zumaiena ikastetxean elkartu dira, eta sarea bera ezagutzera eman eta gizarteratzeko pausoak aztertu dituzte.

Euskal Herriko hamabost erakundek osatzen dute Unesco Sarea, eta horien artean dira Zumaiena ikastetxea edota Euskal Kostaldeko Geoparkea. Horiez gain, Albaola, Bizkaiko zubia, Ekain eta Santimamiñeko leize zuloak, Urdaibaiko Biosferako Erreserba, edo eskola desberdinak dira sare honetako kideak. "Unescorekin zer ikusia dugun erakunde desberdinak dira, publikoak zein pribatuak", azaldu du Leire Barriusok, Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak. 

Sarea orain lau urte sortu zuten, eta forma juridikorik ez duela adierazi du Barriusok. "Momentuz topagune bat da. Unescok hezkuntzan, zientzian eta kulturan aldarrikatzen dituen balio horiek gizarteratzea, eta Unesco eta gizartearen artean zubilanak egitea da gure helburua".

Datozen urtera begirako plangintza prestatzea da gaurko bileraren asmoetako bat. "Erronka nagusia sarea errotzea izango da, eta baita sarea ezagutaraztea ere. Sareko partaide bakoitza ezaguna da modu indibidual batean, baina sare bezala ez gaituzte ezagutzen. Horretarako, ezagutarazteko eta finantzazio moduak lortzeko, promozio lanak egiten ari gara. Aldizkari bat egin dugu, eta bestalde sare sozialetan eta irratietan gaude". Nazioarte mailan lotura estuak dituztela nabarmendu du, "beste Unesco klub batzuekin, edo geoparke batzuekin".

Gizartean eragitea "zaila" dela onartu du Barriusok, "oso desbedinak garelako, eta bakoitzak bere esparruan lan egiten duelako". Zentzu horretan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egindako lankidetza proiektu baten berri eman du. "Ipar Euskal Herrian Euskadi-Akitania proiektua abian jarri genuen; hezkuntzarako fitxa batzuk sortu genituen, eta Lauaxeta Ikastolan aplikatu genuen programa pilotu bezala".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide