Markina-Xemeinen eman diote hasiera zesta-puntako udako denboraldiari. Pasa den asteburuan jokatu zuten Bizkaiko herri horretan antolatu duten Masters Serieseko lehen finalerdia, eta bihar jokatuko dute bigarrena. Zumaiako bi puntista izango dira lehian Karmengo Egunean jokatuko den norgehiagokan: Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez. Goikoetxeak Etxeto izango du bikote, eta Lopezek Hormaetxea. Jaialdia 18:00etatik aurrera jokatuko da MarkinaXemeingo Pilotaren Unibertsitatean, eta partida horretako irabazleek Beaskoetxea eta Lekerika izango dituzte zain finalean.
Bientzako, bai Lopezentzako bai Goikoetxearentzeko, denboraldiko lehen partida izango da biharkoa. "Denontzako izango dira lehen partidak bihar jokatuko ditugunak. Gabonetatik etenaldi luze bat izan dugu denok, eta uztailean hasiko gara denok martxa hartzen", dio Goikoetxeak. Partidak jokatzeko gogotsu dagoela gaineratu du aurrelariak.
COVID-19ak sortutako egoerak zalantzaz bete du pilota mundua. Zesta-puntari dagokionez, udaro txapelketak hartzen dituzten frontoi batzuek iragarri dute aurten xisterako partidarik ez dutela antolatuko. Donibane Lohizune (Lapurdi) izan zen lehiak antolatzen lehena; Campos Berri frontoian antolatutako Internationaux txapelketak, hain zuzen ere. Aste batzuk geroago, Markina-Xemeingo kanporaketa iragarri zuten, eta denborarekin beste frontoi batzuk ere animatu dira. "Gernikan [Bizkaia] jokatuko da, Hondarribin [Gipuzkoa] eta Donostian ere bai, eta zalantza dago Zumaian lehiarik izango den edo ez. Berriatuan [Bizkaia], berriz, banakako txapelketa antolatzeko asmoa dute", azaldu du Lopezek.
Denboraldi desberdina
Atzelariaren esanetan, aurtengo denboraldia desberdina izango da, uztailean eta abuztuan bakarrik zentratu beharrean, urte osora luzatuko delako lehia. "Abendura arte ariko gara jokatzen", dio zumaiarrak.
Lopezek positibotzat jotzen du denboraldia hastea. "Oso positiboa da, eta gure kasuan, ibilbidearen amaieran gaudenez, are garrantzitsuagoa da. Gogo eta jarrera onarekin gaude, ahalik eta itxura onena emateko prest".
Konfinamendu garaian etxean egin behar izan dute prestakuntza. "Nik ez dut etxe handia, eta egoera horretan motibatuta egotea eta ariketak egitea ez da oso erraza izan. Dieta zaintzea eta Youtube bidez ariketa batzuk egitea izan da aurtengo nire prestakuntza", dio Lopezek.
Itxialdiaren azken uneetan izan zuten berriro frontoian aritzeko aukera. Bestela, denbora honetan apenas izan duten aukerarik besoa luzatu eta pilotakadak frontisera botatzeko. Hala ere, egoera fisiko onean aurkitzen direla dote. "Ni iaz baino hobeto nago. Aurreko urtean molestia batzuk izan nituen, eta pandemia txarra izanda ere, ondo etorri zait gorputzak atsedena hartzeko. Momentu honetan oso ondo sentitzen naiz", dio Goikoetxeak. Lopezen arabera, "denboraldi berezia" izango da denentzako: "Hemen, Zumaian, entrenatzeko aukera izan dugu, baina ez gara nahi bezainbeste aritu. Bai Iñakik, bai nik, badugu zerbait gure alde, eta hori esperientzia da. Ea horrek emaitza onak lortzen laguntzen digun".
Aurreko urteetan bi egunean behin jokatu dituzte partidak, eta horrek karga fisiko handia eragiten zien kirolariei. "Orain hilean hiruzpalau partida jokatuko ditugu, eta fasean aurrera egiten badugu, bospasei. Horrek gehiago motibatzen gaitu. Lehen minez jokatzen genuen, eta orain denbora izango dugu atseden hartu eta maila berreskuratzeko".
Ibilbidearen amaiera?
Beteranoak dira biak. Goikoetxeak 40 urte bete berri ditu uztailean, eta Lopezek 36 urte ditu. Elkarrizketan zehar birritan aipatu dute ibilbidearen amaieran direla. Baina txapeldun horien lekukoa hartuko duenik ba ote da zesta-puntaren munduan? "Gu desiratzen gaude; ea ordezkorik badagoen!", dio barre artean Goikoetxeak. "Gorputzari entzun behar zaio, eta minik ez dagoen bitartean aurrera jarraituko dugu, lana gogor eginez, eta ahalik eta hobekien jokatuz. Gero, emaitza onak etortzen badira, hobe. Dena den, gazteen aldeko apustua egin behar da. Guk gure ibilbidea egin dugu, baina atzetik datozen gazteek beren aukera izatea garrantzitsua da", berretsi du Lopezek.