Emakumeek Tolosaldeako I. ikurrina izan zuten jokoan. Erlojuaren aurka, hiru luze bete behar izan zituzten traineru hauek, eta ehuneko gutxi batzuengatik ihes egin zion banderak gorriei.
Deusto, Lapurdi, Tolosaldea eta Zumaia aritu ziren lehen txandan, eta lehen ziabogarako garbi geratu zen tolosarren eta zumaiarren artean izango zela lehia. Lehen ziabogan hiru segundoko aldea atera zion Tolosak Zumaiari, baina, atzetik aurrera egindako estropada batean, gorriak hurreratu egin zitzaizkien tolosarrei. Bigarren ziabogan aldea segundo bakarrekoa izan zen. Azken luzean hortzak estutu zituzten Kike Manterolak entrenatutako arraunlariek, baina hurre, oso hurre izan bazuten ere, ezin izan zuten azkenean Tolosaldearen denbora hobetu.
Tolosaldea izan zen irabazlea, 10:56,74 denborarekin; Zumaia bigarren izan zen lau ehunekora (10:56,78), eta Ondarroa hirugarren 11:02,58 denborarekin.
Hemen emakumeen estropadan izandako denborak.
KAE 1 ligan, Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako XXI. ikurrina izan zuten jokoan. Hamabi ontzi aritu ziren banderaren bila, bost luzera jokatutako estropadan. Getaria ederki aritu zen, eta hirugarren postu on bat lortu zuen, bandera irabazi zuen San Pedrorengatik hiru segundora. Orioren bigarren ontziak debuta egin zuen maila honetan, eta lan ona egin zuten: zazpigarren izan ziren, irabazlearekiko 20 segundora. Zumaiak ez zuen arratsalde ona izan, eta denboraldiko lehen bandera honetan hamargarren izan ziren.
Hemen ikus daitezke estropadako denborak.
KAE 2 ligan, berriz, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XIV. bandera izan zen jokoan. Eskualdeko ontzi bakarra izan zen lehian, aurten debuta egin duen Zarauzko B ontzia. Ez zuten egunik onena izan zen, eta hamargarren izan ziren, azken aurrekoak.
Hemen estropadako denborak.