"Guk hemen inguruan duguna milioika urteko historiaren ondorioa da"

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 2a, 09:51

Geodibertsitatea. Gure lurraldearen memoria ezkutua liburua atera du Asier Hilario (Tolosa, 1977) geologoak. Geologiak gure ingurunean eta gizartean izan duen eragina jaso du argitalpenean.

Nola sortzen da liburu hau?

Eusko Jaurlaritza orain hamar bat urte hasi zen geologiari balioa ematen. Lehenengo pausoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan interes geologiko zuten guneen inbentario bat egitea izan zen. Garrantzitsua izan zen, aldarrikatzen zuelako –eta hori da liburu honen helburuetako bat– geologia naturaren parte dela. Animaliak eta landareak naturaren parte direla dakigu guztiok, baina mineralak, fosilak, errekak eta hondartzak ere hala dira, beste haiek diren bezainbeste. Inbentario horretan parte hartzeko zortea izan nuen, eta geologia aldetik interesa zuten 150 leku detektatu ziren. Duela bi urte liburu hau egiteko enkargua jaso nuen. Baina, ez da bakarrik geologiari buruz; baita kontatzen du nola geologiak, paisaiaren atzean dagoen milioika urteko historia horrek, baldintzatu duen herri honetako ekologia, paisaia eta kultura. Hori da, pixka bat, liburu honen helburua, ezagutaraztea guk hemen inguruan duguna ez dela kasualitatea, milioika urteko historiaren ondorioa dela.

Duela ehun milioi urte Euskal Herria koralezko arrezife erraldoi bat izan ez balitz, ez genituzke izango egun ditugun mendiak; gure paisaia erabat desberdina izango zen, eta gure paisaia ulertzeko era desberdina izango zen. Zehatzagoa izanda: kareharri horietan dago Bizkaiko ezkerraldean dauden mineral guztiak. Mineral horiek gabe Euskal Herriko historia ekonomikoa, soziala nahiz politikoa ez ziren berdinak izango.

Zeini zuzendutako liburua da hau?

Liburuaren helburua geologian interesa duen publikora heltzea da, interesa izanda. Hasieratik garbi izan dut liburuak arina izan behar zuela, erakargarria, argazki askorekin. Mapak ere baditu, Euskal Herria nolakoa zen historian zehar ulertzeko. Geologiaren eta gizakiaren arteko harremana lantzeko eskuz egindako ilustrazioak ere baditu. Horren guztiaren arteko oreka lortzea izan da erronka nagusia. Hitz tekniko guztiak kanpoan utzi ditut, eta zailtasun nagusia izan da gauzak hitz gutxitan azaltzea. Ariketa polita izan da. Irakurlea, nolabait esanda, harritu nahi izan dut. Kasu askotan, irakurleari ezagutzen dituen paisaiekin gertatuko zaio hori, inoiz ez lukeelako pentsatuko paisaia horien atzean historia hori dagoela. Adibidez, jende gutxik jakingo du orain ehun milioi eta 80 milioi urte artean hemen sumendi mordoa zegoela. 400 milioi urteko historia kontatzen da liburu honetan.

Era kronologiko batean kontatu duzu historia.

Historia hori bost etapatan dago kontatua. 400 milioi urtetan gertatutako hain konplexua da, hainbeste gauza gertatu dira, erabaki nuela bost etapa nagusitan kontatzea, gauzak hobeto ulertzeko. Gero, etapa horien barruan, xehetasun gehiagorekin kontatzen dira gauzak. Denborari garrantzia handia ematen diot. Geologia ikasi nuen mendiak gustatzen zitzaizkidalako, baina gero geologian beste gauza bat aurkitu dut, eta da denboraren erlatibizazioa. Ulertzea guk ezagutzen dugun inguru hau Pangearen aurretik itsaso tropikala izan zela; edo Pangea sortu zenean, Himalaiak baino garaiera handiagoa zuen mendikatea egon zela; edo mendikate hori higatu egin zela, eta Euskal Herria basamortu handi baten erdian egon zela; eta hori guztia urpean geratu zela, eta hor azpian flyscha sortu zela. Azkenean, guk hemen dugun paisaiak bost milioi urte besterik ez ditu. Orain hamar milioi urte hau dena desberdina zen. Arabara joanda, adibidez, Añana inguruan, badaude orain 40 milioi urteko ugaztunen arrastoak . Garai hartan bazegoen Araban itsasotik ateratzen ari zen zerbait.

Adibidez, eta hau oso jende gutxik jakingo du, Aralar izan zen Euskal Herriko bailara glaziar bakarra, duela 40.000 urte. Tenperatura 5-10 gradu baxuagoa zen hemen, Artikoan izotz gehiago zegoen, itsas maila ehun bat metro beherago zegoen hemen, eta Aralarren bakarrik, ez Anboton edo beste nonbaiten, glaziar bat zegoen. Bost kilometro luze eta 80 metroko garaiera zuen glaziarra. Liburuan gure paisaia zizelkatu duten gertaera horiek azaltzen dira.

Bukaeran, arriskuez ere hitz egiten da. Uraz hitz egiten da. Zergatik dugu hemen ura? Euria egiten duelako? Bai, baina baita mendiek, esponjen moduan, ura xurgatzen dutelako, eta gero, poliki-poliki, urtean zehar ur hori askatzen dutelako. Beste arroka mota bat izango bagenu, euria egingo luke, eta ura joan egingo litzateke. Arriskuetan, baita ere, luiziez edota lurrikarez ere hitz egiten dut, gaia bere osotasunean ulertzeko.

Geologia aldetik interesa duten guneen inbentarioa hartu duzu abiapuntutzat. Han jasotzen ziren gune guztiak sartu al dituzu?

Gune horiek Euskal Herriko geologia ulertzeko behar ditugun piezak dira. Baina guztiak ez dira erakargarriak erakusteko orduan. Hemen gutxi batzuk sartu ditugu, 150etik 30 inguru. Kapitulu bakoitzean azaltzen da une konkretu batean zer gertatu zen, zer arroka sortu ziren, zer paisaia mota eman digun, eta proposatzen da leku zehatz bat hori ikusteko. Normalean, leku hori inbentarioaren barruan sartzen da. Liburua egiterako orduan ezustekorik izan al duzu? Liburua egin aurretik bertan jasota dauden leku horiek guztiak ezagutzen nituen, inbentarioa egin nuelako. Baina inbentarioaren aurretik ez nituen horiek denak ezagutzen. Inbentarioa egitea sekulako esperientzia izan zen. Orduan ezusteko handiak izan nituen, bereziki Araban. Araba gutako askorentzat ezezaguna da; han leku harrigarriak aurkitu ditut. Adibidez, Toloñoko mendilerroaren inguruan leku bereziak daude, Urizaharra inguruan ere bai... Geologia aldetik Euskal Herrian dugun gauza berezienetakoa, flyschaz aparte, anbarra da. Duela 120 milioi urte baso handiak eta estuarioak zeuden hemen, eta baso horietako erretxinak intsektuak harrapatu zituen. Adibidez, munduko eulirik zaharrena Arabakoa da. Liburuan azaltzen da, baita ere, zergatik den Arabako Errioxako lurra hain ona mahastientzako, edo, hau oso jende gutxik jakingo du, 1980eko hamarkadan Araban interes handia egon zela petrolioa ateratzeko. 5.000 metroko zulo bat egin zuten eta zerbait ere aurkitu zuten, baina ekonomikoki ez zen bideragarria.

Naturarekin lotutako turismoak gero eta indar handiagoa du.

Horretan pentsatu al duzu liburua egiterakoan? Ez da izan helburu nagusia, baina bai da helburuetako bat. Badaude leku batzuk, azalpen batekin, beste balore bat izan dezaketenak. Liburu honek, baita inbentarioak ere, hori guztia laburbiltzen du, eta bertako turismo agenteek erabili dezakete. Orain bertako lekuak ezagutzeko unea dela diote, eta liburua izan daiteke proposamen bat leku horiek beste begi batzuekin ikusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide