Kultur ekitaldiak egingo dituzte Zumaian hilabete honetako ostegunetan

Juan Luis Romatet 2020ko uztailaren 1a

Patata Tropikala konpainiak Ehiztari ehizatua haur antzerkia aurkeztuko du bihar, Beheko plazan. Ikuskizunerako gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira Turismo Bulegoan.

Kultura izan da aurtengo San Pedro jaietako protagonista. Festak amaitu dira, baina kulturarekin lotutako ekitaldiek udan zehar jarraituko dute. Horren adibide da bihar Beheko plazan egingo den haurrentzako antzerkia. Uztaileko ostegunetan egingo diren ikuskizun eta ekitaldietatik lehena izango da hau.

Ehiztari ehizatua haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko du Patata Tropikala konpainiak bihar plazan, 18:30etik aurrera. Euria egiten badu Zumaienako aretoan egingo da. Aurreko ikuskizunetan bezala, txotxongiloak eta antzerkia uztartuko du konpainiak, bertsoak, kritika eta umorea ahaztu gabe.

Antzerkia plazan egingo da, baina beharrezkoa izango da bertaratzeko gonbidapena eskuratzea. Doako gonbidapenak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke gaurtik aurrera. Pertsonako gehienez lau gonbidapen eskuratu ahal izango dira. Udaleko Kultura Sailak erabiliko diren gonbidapenak bakarrik hartzea eskatu du.

Behin plazan, osasun neurriak errespetatu beharko dira: distantziak gorde beharko dira, eta haurrek ere maskara eraman beharko dute.

Ostegunero egingo dira kulturarekin lotutako ekitaldiak Zumaian. Hala, uztailaren 9an, hondar eskultura tailerra egingo da Torreberri azpian. Uztailaren 16an, berriz, Elkarrekin ipuin bidean ipuin kontaketa saioa eskainiko dute Kantu Kontariko kideek Oxford aretoan. Uztailaren 23an, berriz, Zirkozaurre konpainiaren Vademecun ikuskizuna izango da Aitzuri pilotalekuan. Hileko azken ostegunean, hilaren 30ean, berriz, Musika Jaialdia aurkeztuko dute Klarinete Maratoiko laukote lehiaketa irabazi zuen taldearekin. Torreberrin egingo da azken ekitaldi hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide