Marea errota bat izan zen Zum a i a k o m o t o r e ekonomikoa mende askotan. Parrokiaren oinetan eraikitako tresna hidraulikoa eta haren bueltan sortutako dorrea eta presa herriko historiaren laino artean galduta egon dira, orain urte batzuk haien inguruko interesa berpiztu zen arte. Orain, tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko, Zumaiako Udalak abian jarri duen Errotaherria kanpainak errota haren izpiritua ekarri du XXI. mendera.
Historian atzera egin behar da errota harekin topo egiteko. Beste garai bat, eta beste Zumaia bat aurkituko dugu bidaia horretan. Herri txiki horretan ez dugu parolbiderik aurkituko, ez Amaiako edo Beheko plazarik ere, eta poligonoak zutik ikusteko oraindik mende asko faltako dira. Zumaia osatzen zuten eraikin eta etxebizitzak parrokiaren bueltan metatzen ziren, gaur egungo alde zaharrean. Itsasoa barruraino sartzen zen garai hartan, bai Odietaraino, bai Ardantzaraino ere.
«Zehazki non dagoen ezin da esan, baina gaur egungo San Telmo kalearen hasieran egongo zen, parrokiatik jaisten diren eskaileren alboan», dio Xabier Alberdi historialariak eta Euskal Itsas Museoko zuzendariak. «Inguru dena urez beteta zegoen. Aipatu dugun puntu horretatik iparraldera begira moila egongo zen, eta hegoaldera begira errotaren presa». Presa horrek egiten zuen zubilana parrokiaren inguruko gunea eta aurrean zegoen Zubiaurre auzoaren artean. «Presako horma non zegoen? Lerro bat irudikatu Zubiaurre kalea (San Telmo kalea) eta elizara eramaten duten eskaileren artean. Hortxe irudikatu behar dugu», dio Alberdik.
Zumaiako hiribildua 1347. urtean sortu zen, eta ordurako marea errota bazegoela dio Alberdik. Ez hori bakarrik, Zumaia udalerri bihurtu baino mende eta erdi lehenago egon zitekeela ere uste du historialariak. «1.203ko dokumentu batean Zumaiako parrokiak zituen ondasunen artean errotak aipatzen dira. Dorre izena daramaten lau errotaren berri ematen du. Zer ziren? Lau errota? Edo lau gurpil zituen errota bat. Marea errota honi Presako dorrea deitzen zaio. Dokumentuak dioen ‘dorre’ izena hor mantentzen da. Baliteke XIII. mendeko dorre izeneko errota hau izatea. Hala, pentsa daiteke hiribildua izan baino 150 urte lehenago hemen bazegoela marea errota martxan».
Marea errota izenak berak garbi uzten duen bezala, itsasoaren mareekin lan egiten zuen tresna zen. «Itsasoak gora egiten zuenean, uhateak zabaltzen zituzten, eta ura sartzen zen Ardantza bailaran zuen depositoa bete arte», dio Alberdik. Itsasbeheran ateak itxi egiten zituzten. Pedro Etxabe Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentro (ZIIZ) koordinatzailearen esanetan, «mareak behera egiten zuenean konporta horiek zabaltzen zituzten, eta errota martxan jartzen zen. Ura arrapala batean behera joaten zen, eta horrek gurpila jartzen zuen martxan. Zutikako ardatza zuen lotuta gurpilak, eta goiko partean garia edo artoa ehotuko zuen. Halako bi egongo ziren, bat artoarentzako eta bestea gariarentzat», Etxaberen ustetan.
Ekonomiaren giltzarria
Marea errota hori Zumaiako ekonomiako giltzarrietako bat izan zela uste du Xabier Alberdik. «Garai hartan ez zegoen supermerkaturik, eta jangarriak, batez ere garia, zekalea, etab., horiek guztia, kanpotik ekartzen zituzten. Kasu honetan, gari edo zekale hori deskargatzen zuten lekuan bertan errota bat zegoen. Zumaiako errota nagusia hau zen, bai gaitasunagatik –hartzen zuen ur pilagatik–, eta baita urte osoan martxan egon zitekeelako. Lehortea egonda ere, nahiz eta erreka lehorra etorri, honek martxan jarraituko zuen. Lekua ere estrategikoa zen: hiribildutik arrabalera joateko bide bakarra hau baitzen. Zumaiako ekonomiaren bihotza hementxe zegoen. Ekonomikoa, soziala eta sinbolikoa ere bai, presa eta eliza bata bestearen ondoan zeudelako». Errota 1880ko hamarkadan galdu zen. «Garai horretan azpiegiturak hobetzeko eta portua indartzeko lanak egin zituzten. Parolbiderako bidea egin zuten, eta baita Ondartxo ingurua bete ere», dio Etxabek. «Errotaren aurrea itxi zuten, eta hor galdu zen errota», gaineratu du Alberdik.
Dorrea zutik egon zen denbora batean, eta jendea ere bizi izan zen bertan; moliñoenekoak deitzen zitzaien herrian. Eraikina eraitsi zuten, eta orain Daniel Carballo arkitektoak irudikatu du hiru dimentsiotan marea errota izan zitekeena, denboran galdutako eraikina nolabait berreskuratuz.