Antzokietara itzuli dira, etenaren ondoren

Juan Luis Romatet 2020ko ekainaren 18a

Koronabirusaren krisialdiaren ondoren, aurkeztu da lehen antzezlana. Joan den asteburuan taularatu zuten Ramon Agirrek eta Inazio Tolosa zumaiarrak ‘Gu primer!’ lana, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Gu primer! antzezlana aurkeztu du Xentimorik Gabe konpainiak asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean. Koronabirusaren krisialdiaren ondoren estreinatu den lehen antzezlana izan da. Ray eta Nick, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre, protagonistak dituen laugarren antzezlana da hau. Berrikuntzekin dator oraingoan Xentimorik Gabe, hirugarren aktore bat izango dutelako eszenatokian: Nerea Gorriti. Musika eta umorea uztartuko dituen lan horren inguruan hitz egin du Inazio Tolosa aktore zumaiarrak.

Xentimorik Gaberen laugarren lana da honakoa. Tolosak azaldu du aurreko lanen jarraipena dela, baina aretoetara moldatu dutela: "Hirugarren lagun bat sartu dugu, Nerea Gorriti, pianoa jotzen, abesten, eta agian lehen guk egiten genituen pertsonaia pila bat orain berak egingo ditu. Gu Ray eta Nick ospetsuak gara, hamar urte goaz elkarrekin. Klasikoak bihurtu gara dagoeneko!".

Antzezlanak kontatzen du euskaldunak izan zirela ilargira iristen lehenak, baina sekretu hori isilpean egon dela urte luzez. "Akats txiki batzuk izan genituen: kamerari karretea jartzea ahaztu, eta gero, konturatu gabe, ilargiaren alde ezkutura heldu ginen. Ikurrina han dago; ez da ikusten, baina han dago. Gero amerikarrak heldu ziren, arazoak izan genituen, baina Lur planetara itzultzen lagundu ziguten. Baldintza zen ezingo genuela esan gu izan ginela lehenak ilargira heltzen".

Umore absurdoarekin jokatzen dute Agirrek eta Tolosak: "Lehen ere estilo hori jorratu izan dugu, abentura handiak sortuz. Zuzendariak zioen Marx anaien puntuan geundela. Erritmoa hartzen dugunean badirudi halako puntu absurdo batera heltzen garela".

Xentimorik Gabe sortu zutenetik hamar urte igaro dira. Hala eta guztiz, hori baino askoz ere lehenagotik du Tolosak harremana Ramon Agirrerekin: "Bestela, ezagutzen garela 35 urte edo gehiago ere izango dira. Ramon antzerkian hasi baino lehenagotik ezagutzen nuen; nire arrebaren laguna zen Donostian, eta kuadrillan ibiltzen ziren, familiakoa bezala zen".

Kulturari bultzada

Maiatzean zuten estreinaldia Donostian, eta antzezlana Deban aurkezteko asmoa zuten gero. Antzezlan horiek bertan behera geratzeak "ondorio larriak" utzi ditu, Tolosaren arabera: "Guk jan egiten dugu normalean, jateko dirua behar izaten dugu, eta dirua izateko lan egin behar izaten da. Eta lanik ez badago, ea nondik jaten dugun. Egoera oso larria da". Aktoreak laguntza eskatu du, "kulturarensektorea martxan jarri ahal izateko". Haren hitzetan, kultura denbora pasa bezala ikusten da, baina kultura industria da. "Turismoa lehen denbora pasa bezala ikusten genuen, baina begira gaur egun zer indar duen ekonomian. Kulturarekin, nire ustez, berdin jokatu beharko litzateke. Jende asko bizi gara hortik, eta gure dinamika aurrera eramateko gutxieneko laguntza bat behar dugu", azaldu du Tolosak. "Egoera berrira ohitu beharko gara, poliki-poliki bada ere, pandemiari irabazteko; ez dira izan kaltetuak gaitza izan dutenak bakarrik, kaltetuak asko dira", gaineratu du aktore zumaiarrak.

Donostia Kulturak Xentimorik Gaberen lanarekin hasi nahi izan du denboraldia, eta "oso gustura" daude eman dieten aukerarekin. "Hasieran zalantzak izan genituen. Ikusleei ere kostatu egingo zaie aretoetara itzultzea, baina aurrenekoa egiten ez bada, are eta zailagoa izango da. Aurrera egin behar dugu nola edo hala".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide