Gaur zabalduko da udako kirol jardueretan izena emateko epea

Baleike 2020ko ekainaren 18a

Zumaiako Kirol Patronatuak haur, gazte zein helduei zuzendutako eskaintza aurkeztu du. Kirol jarduerak eta ikastaroak ekainaren 30ean hasiko dira.

COVID-19ak sortutako osasun krisiak udako kirol ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu. Ikastaro batzuetan distantziak mantentzeko dauden zailtasunengatik edota momentu jakin batean edukiera mugak eragingo duen espazio faltagatik, ezinezkoa da aurreko urteetan eskaintzen ziren ikastaro edo jarduera batzuk antolatzea. Kanpoan geratu da, adibidez, arraun jarduera, ontzietan distantziak eta segurtasun neurriak ezin direlako bermatu. Dena den, ikastaro ugariri eutsi dio Zumaiako Kirol Patronatuak. Hala, egoerak baldintzatutako moldaketekin, haur, gazte eta helduentzako kirol ikastaro eta jarduera eskaintza aurkeztu berri du.

Ezohiko uda honetan, honako jarduerak egin ahal izango dituzte helduek Zumaian: zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua. Gazteek zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness egin ahal izango dituzte; azken jarduera horretan, 12-16 urte bitarteko gaztetxoek jarduera ugari probatzeko aukera izango dute; hala nola, cycling, GAP eta TRX modalitateetako ariketak egingo dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte: Zumba, piragua eta mendi bizikleta.

Aipatutakoez gain, aurten, ikastaro berri bat antolatu du kirol patronatuak, haur eta gazteei zuzendutako padel ikastaroa, hain zuzen ere. Gehienez lau pertsonaz osatutako taldeak osatuko dituzte jarduera horretan.

Izen-ematea

Ikastaro horiek guztiak ekainaren 30ean abiatuko dira, eta gehienek hilabete bateko iraupena izango dute; elkarteek antolatutako ikastaroek, berriz, hamabostaldi bat iraungo dute. Izena emateko epea ekainaren 18an, ostegunean, hasiko da, eta 09:00etatik aurrera jasoko dituzte eskaerak Lubaki kiroldegian bertan.

Bestalde, Zumaiako Kirol Patronatuak gogorarazi du udan zehar uretako ontzien alokairua martxan egongo dela. Itxas-Gain Kirol Elkarteak, urtero moduan, piraguak alokatuko ditu. Jarduera hauek bi asteko iraupena izango dute. Ikastaroetan parte hartzeko aukera izateaz gain, taldeka piraguak alokatzeko aukera ere eskainiko du piraguismo klubak. Interesa dutene, 943-86 07 76 telefono zenbakira dei egin dezakete.

Surfari dagokionez, Ziske klubak ez du aurten ikastarorik emango ezohiko egoera honek hala behartuta. Zumaiako eskola pribatuek bai, ordea. Surfean eta itsasoko beste kiroletan aritu nahi dutenak eskola horiekin harremanetan jar daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide