Zestoako Udalak lehiaketara atera ditu Arroa Behea eta Narrondo auzoak lotuko dituen bide berdea egiteko lanak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak Arroa Behea eta Narrondo auzoak batuko dituen bide berdearen proiektua gauzatuko du, eta Zestoako Udalari dagokio bide berde hori Arroa Beheko erdigunearekin lotzea.
Proiektuaren helburua GI-631 errepidean semaforoa eta zebra-bidea ezartzea da, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin. Hain zuzen ere, errepideko puntu batean bi autobus geltoki daude errepidearen alde banatan; Zestoa eta Zumaia lotzen dituen bi noranzkotako autobus linea igarotzen da bertatik. Zestoako Udalak adierazi duenez, Zestoatik Zumaiarako noranzkoan dagoen geltokira igarotzeko errepidea gurutzatu behar da, eta ez dago ez seinalerik ez pasabiderik hara igarotzeko. Gainera, ibilgailuak bertatik azkar igarotzen direla zehaztu du. Arazo horri konponbidea ematea da hain justu, lan horien helburua.
Ekainaren 26a, ostirala, izango da lehiaketara aurkezteko azken eguna, eta honako lotura honetan ikus daitezke baldintzak. Bertan zehazten denez, 163.609,79 euroko aurrekontua izango dute lanek.