COVID-19 gaitzak baldintzatutako uda eta hondartza denboraldia izango da aurtengoa, eta horren jakitun da Zumaiako Udala ere. Uztailaren 1etik irailaren 15era arte izango da zabalik hondartza denboraldia Zumaian, eta, jakinda aurtengo uda "desberdina" izango dela, kontingentzia plana prestatu du. "Esperimentua izango da aurtengoa, eta espero dugu ahalik eta arazo gutxien izatea. Horretarako herritarren laguntza eskatzen dugu", azaldu zuen Alex Oliden turismo zinegotziak. Neurri hauek uztailaren 1ean sartuko dira indarrean.
Ezohiko hondartza denboraldi honetan, koronabirusa ez hedatzea da helburu nagusia eta, horretarako, hiru gako daudela adierazi zuen Olidenek. "Batetik, higienea; bestetik distantzia mantentzea – hori da babes eraginkorrena birusa ez hedatzeko–, eta azkenik, ardura soziala. Denon ardura da hau ondo joatea eta, horretarako, herritarren konplizitatea beharrezkoa da", nabarmendu zuen Olidenek. Erabaki horiek guztiak aldundiarekin eta Gipuzkoako kostaldeko beste herri batzuekin batera hartu dituztela ere azaldu zuen turismo zinegotziak.
Itzurun eta Santiago hondartzetako edukieraren kontrola kameren bidez egingo dela aurreratu zuen. Aldundiak udalen eskura jarritako tresna horren bidez, hondartzetako aforoa bideometriaz kontrolatuko dute.
Bestalde, sakelako telefonoetarako aplikazio bat ere jarriko dute herritar ororen eskura, eta "semaforo-sistemarekin" zumaiarrek eta bisitariek une oro jakin ahal izango dute hondartza gehiengo edukierara iristear ote dagoen. Amaiako plazan semaforo antzerako bat jartzea ere aurreikusten du udalak, Itzurun bertara heldu aurretik hondartzaren egoera zein den jakiteko.
Bi-hiru orduko egonaldia
Hondartzetako egonaldia gehienez bi edo hiru ordukoa izatea eskatuko du udalak. "Herritarrek ez lukete hondartzan denbora hori baino gehiago pasa behar, baina hori kontrolatzea norberaren ardura sozialaren barruan sartzen da".
Zumaiako Udalak azaldu duenez, herriko hondartzetan ezingo da taldekako kirolik egin. Hau da, ezingo da futbolean edo paletan aritu. Surf egiteko aukera izango da, ordea. "Surflariek ekipamendu osoarekin joan beharko dute, eta behin surf saioa amaituta, ezingo dute hondartzan jarraitu". Itsasgoran, ura hormaraino heltzen denean, hondartza itxi beharko dutela ere iragarri du zinegotziak.
Sarrerak eta irteerak
Hondartzetara nondik sartu eta nondik atera behar den ere jasotzen du kontingentzia planak. Hala, Itzurungo kasuan, hondartzara heldu eta eskuin aldera jaisten den arrapalatik helduko dira erabiltzaileak hondarretara; atera, berriz, ezker aldean dauden eskaileretatik egingo dute. Kantinara joan nahi dutenek goiko aldetik jaisten diren eskailerak erabili beharko dituzte.
Santiagoko hondartzan, aldiz, arrapala erabiliko da hondarretara heltzeko eta handik ateratzeko. Portutxikiko eskailerak hondartzatik igotzeko bakarrik erabiliko dira. Hau da, hondarretan dagoen batek eskailerak erabili ahal izango ditu kantinara igotzeko, baina berriro jaisteko arrapalara joan beharko du. Santiagon baita ere, padurara eta Zuloaga familiaren etxaldera doan bidexka itxi egingo dute, baita dunetatik igarotzen diren bidezidorrak ere.
Sorosleak
Hondartza denboraldia uztailaren 1ean zabalduko da Zumaian, baina sorosleak astelehen honetatik ari dira lanean. Aurten, beste urteekin alderatuta, sorosle bat gehiago kontratatuko du udalak. Hondartzan ez ezik, arranpla eta beste igeriketa eremuak ere zaindu beharko ditu pertsona horrek. "Itsasgoran Itzurungo erabiltzaile asko arranplara joaten da igeri egitera. Horregatik, itsasgora garaian sorosle bat izango da ingurune hori kontrolatzen, eta baita beste igeriketako gune batzuk zaintzen ere, Moilaberriko zubia edo itsas kiroldegia kasu", gogoratu du Ricardo Landak, Hirigintza Saileko kideak.