Urte hasiera berezia izan da eskualdeko arraun elkarteentzat. Koronabirusak eragindako larrialdi egoeraren ondorioz hiru hilabetez lehorrean entrenatzen jardun ostean, astelehen arratsaldean traineruak uretara bota zituzten berriro. Saio berezia izan zen astelehenekoa arraunlarientzat; azken asteetan ziurgabetasun handia izan arren, etxeko entrenamenduei eutsi diete, eta horretarako egin duten ahalegina handia izan da, batez ere psikologikoa, askok nabarmentzen dutenez. Sekula baino ordu gehiago sartu dituzte ergometroaren kateari tira eta tira, nola edo hala, sasoiari eutsi eta aukera suertatuz gero, estropada denboraldia hasterako puntu-puntuan egoteko.
Herenegun, taldeko kideekin elkartu, traineruak uretara bota eta arraunean gozatzeko aukera izan zuten, aspaldiko partez. Ezohiko itzulera izan zen astelehenekoa; txalupei neurria hartzeko eta kuadrillak trinkotzeko denbora tartea ere ezohikoa izango dute. Ezustekorik ez bada, hilabete barru hasiko dira estropadak jokatzen.
«Ahaztu egin behar dira aurreko urteetako denborak eta datuak»
Estropalariak iristerako, Jon Salsamendi Orioko Arraunetxen batera eta bestera zebilen. Trainerua uretara botatzeko ehundaka alditan prestatu arren, egun seinalatua zen astelehena Orio AEko gizonezkoen entrenatzailearentzat, eta urduritasun puntuarekin zebilela aitortu zuen. «Arraun munduak errespetu handiarekin egin du lana azken asteetan, eta gaur traineruan entrenatzen hasteko aukera badugu, arraunlariek, elkarteek eta eragileek egin duten aurretiazko lan horri esker izan da; noski, pandemiaren bilakaerak hobera egin duelako ere bai. Estropadak jokatuko diren edo ez jakin gabe egin dute lana, eta bai, gaur egun pozgarria da», azaldu zuen hizketan hasi berritan.
Arraunlariak traineruan ibiltzen hasteko amorratzen zeuden azken egunotan: «Ziurrenik, momentu honetan, arraunlariek gaitasuna baino gogo handiagoa dute uretan entrenamendu saioa egiteko, ia hiru hilabeteko etenaren ondorioz».
Arraunlarien prestakuntzari dagokionez ere, aurtengo denboraldia ezohikoa ari da izaten. «Normalean, ekaina hasterako neurketa eta test asko eginak izaten ditut, bai lehorrean, baita uretan ere. Gutxi edo gehiago, urteko sasoi honetarako taldea ondo ezagutzen duzu. Aurten ez dute ezertarako balio aurreko denboraldiekiko konparaketek. Arraunlariei ere gomendio hori eman diet: ahaztu aurreko urteetako erreferentziak. Aurtengoa guztiz desberdina izango da denontzat».
«Gaur arte ez dut sinetsi ere egin traineruan uretara aterako ginenik»
«Itxialdia luze joan da azkenerako, eta denok izan ditugu gure gorabeherak, buruak lan handia egiten duelako», azaldu zuen Nadeth Agirre Orio AEko emakumezkoen patroiak, entrenamendua hasi aurretik. Azken asteetan informazio kontrajarria zabaldu da estropaden inguruan: «Prozesu guztian zehar gure esku egon den gauza bakarra izan da etxean entrenatzen jarraitzea. Airean egon da dena azken momentura arte, eta gaur arte ez dut sinetsi ere egin traineruan entrenatzen hasteko aukera izango genuenik. Ederra da berriro uretara ateratzeko aukera izatea».
Denbora tarte luzean patroi lanetan trebatzeko aukerarik izan ez duela eta, uretan orduak sartu ahala traineruari eskua hartuko dion esperantza du Agirrek.
«Aspaldiko denbora tarte luzeena egin dut patroi lanetan aritu gabe»
Gorka Aranberriren esanetan, arraunlari guztiek hartu dute irrika handiarekin uretako lehen entrenamendu eguna. Orio AEk gizonezkoen patroiak aspaldian ez zuen hainbeste denbora egin lehorrean, uretara atera gabe. «Tira, sasoiari behintzat eutsi diogu etxean, baina uretako aurreneko sentipenak bereziak izango dira, seguru», azaldu zuen astelehenean zarauztarrak, trainerua uretara bota baino minutu batzuk lehenago.
Aranberrirentzat uretako lehen saioen helburua gorputza prestatzen joatea da: «Ergometroan antzeko posturan jardun arren, uretan beste mugimendu bat egin behar izaten da, eta arraunlariek egokitu egin behar dute. Bihar ipurdiko mina eta giharrak gogortuta izango dituzte gehienek».
«Egun handia da gaurkoa, azken asteetan egindako lanak fruituak eman ditu»
Jon Artolaren iritziz, azken hiru hilabeteetan arraunlariek egin duten lana txapela kentzeko modukoa da: «Erakundeen eta elkarteetako ordezkarien lana ikusi eta entzun da batean eta bestean, baina arraunlariak isilpean aritu dira lanean, eta haiena da meritua».
Estropalariak «ondo zimel» ikusi dituela eta, harrituta zegoen Zarauzko Arraunketa Elkarteko presidentea, arranplari begira: «Ergometroan oso fin aritu dira azken asteetan, lan aparta egin dute etxean». Presidente den heinean, udaberrian «nekea pilatzen» joan zaio Artolari: «Bestela ere nahiko lan izaten dugu, eta aurten, osasun krisia dela eta, kudeaketa lanekin leporaino ibili gara. Pandemiak buruhauste gehiago ekarri dizkigu. Gaur egun handia da, egindako lan guztiak bere fruituak eman dituelako».
Taldeko medikuak mezu argia eman zien arraunlariei astelehenean: «Gauzak ondo eginez gero, kutsatzeko arriskua oso txikia da, baina osasun neurri guztiak bete behar dira, erne egon behar dugu».
«Neurria hartu behar diogu traineruari, poliki-poliki, minik hartu gabe»
Zaila badirudi ere, Aitor Elizondok gustua hartu dio itxialdian zehar garajean entrenatzen jarduteari: «Agian hiru urtez arraunean egin gabe egon naizelako izango da. Egunetik egunera atzeman dut hobekuntza ergometroan, eta egia esan, gustura eman ditut orduak eta orduak».
Elizondo Zarautz Arraun Elkarteko bigarren traineruko arraunlaria da. Lehen entrenamendu saioko helburua «sentsazioak bilatzea» izan zen astelehenean: «Neurria hartu behar diogu traineruari, poliki-poliki, inork minik hartu gabe». Lauzpabost aste barru, denboraldiko lehen estropada jokatuko dute: «Azkar egokitu beharko gara uretara. Aste honetan inertziak eta neurriak hartzen saiatuko gara, hurrengoan luzeago arraun egiten saiatu beharko dugu, eta hortik aurrera, egurra!».
«Ilusio eta gogo ikaragarriarekin bota dugu trainerua uretara»
Gainontzeko elkarte guztietan bezala, Zumaiako Arraun Elkartean ere osasun neurriak zorrotz errespetatzen saiatu ziren astelehenean. «Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu gara aurreneko momentutik, gure osasuna dagoelako jokoan: tenperatura hartzen diegu estropalariei; ibiltzen dituzten arraun, tresna eta makinak desinfektatzen ditugu; entrenamenduak bukatutakoan, dena garbitzen dugu...», azaldu zuen uretara atera aurretik Kike Manterola emakumezkoen traineruko entrenatzaileak. Denboraldiari begira, Manterolak dio oraindik badirela zehazteko dauden gauzak. «Ikusi egin behar da datozen asteetan zer gertatzen den. Ilusiorik eta gogorik behintzat ez zaigu falta, eta gure aldetik, lehiaketa ahalik eta ondoen prestatzeko ahalegina egingo dugu, estropadeta