Bi hilabete eta erdi derrigorrean itxita egon ondoren, maiatzaren 25etik ateak zabaltzeko aukera dute elkarte gastronomikoek; egun horretan sartu zen Hego Euskal Herria alarma egoerako arinaldiaren bigarren fasean. Bermatu beharreko osasun neurriengatik baldintza zorrotzak bete behar dituzte, eta eskualdeko lau herri handienetan askok erabaki dute itxita mantentzea oraingoz. Zabalduko dutenak ere badira, ordea.
Azkoitia
Elkarterik gehienek itxita jarraituko dute datozen egunetan Azkoitian. Beti-poz elkarteko kide Imanol Sudupek adierazi du momentuz elkartea ez irekitzea erabaki dutela, ezin dutelako bermatu beharrezko neurri guztiak hartzea. "Jendea erdira murriztu behar da, baina gastuak berdina edo handiagoa izaten jarraitzen du. Komunetako garbitasuna ere bermatu behar da, eta bakoitzak bere erara garbituta ez da fidagarria ateak irekitzea".
Ixkitturri elkarteko ateak ere oraingoz itxita mantenduko dituztela esan du Pablo Juaristi elkarteko ordezkariak: "Datorren ostiralean batzarkideen aldaketa dago, beraz egoera nola dagoen ikusita, guk proposamen bat egingo diogu talde berriari ekainaren 8an ireki ahal izateko: 60 eserlekutik 30era pasatu, gel hidroalkoholikoak eta desinfektanteak jarri, sukaldean maskara erabili eta abar. Komunak sortzen dizkigu zalantza gehien, baina neurriak gehiago zehazten segiko dugu, eta talde berriak erabakiko du ireki edo ez". Aldiz, Martitte auzo elkartea aurki zabaltzeko asmoa adierazi du hango kide Josune Epeldek. Oraindik hartu beharreko neurriak zehazten ari badira ere, batzuk erabakita dituzte: mahaien artean bi metroko distantziak utziko dituzte eta mahai bakoitzean, gehienez, hamabost lagunek egon ahalko dute.
Azpeitia
Azpeitian Ardozaleak elkartea izan zen ateak zabaltzen aurrenetakoa, ostiralean. Joxe Perez batzordeko kideak azaldu zuen zer prestaketa lan egin zituzten: "Elkartea itxi eta aurreneko astean garbitzaileak goitik behera garbitu zuen elkartea, eta azken egunotan, dena desinfektatu dugu. Mahai kopurua erdira murriztu dugu eta bazkide guztiek ezinbestean errespetatu beharreko araudia prestatu dugu". Inpernu ere ostiralean zabaldu zuten. "Dena goitik behera garbitzen aritu gara eta pare bat batzar ere egin ditugu araudi berria onartzeko", adierazi zuen Ibon Morales batzordeko kideak.
Bi elkarteek erabilera araudi bertsua onartu dute. Hala, bazkideek aurrez erreserba eginda joan beharko dute elkartera, eta eskuak garbitu beharko dituzte elkartera, barrara, sukaldera eta komunera sartzen diren bakoitzean. Sukaldean eta barran mahaiko lagun bakarrak egon ahal izango du, bazkide batek, eta beti maskara jantzita. Komunera ere banaka joan beharko da eta erabilitako bakoitzean garbitu. Elkarteko gainontzeko tresnak ukitzen dituzten bakoitzean garbitu beharko dituzte. Horrez gain, aurreko mantalak eta eskutrapuak etxetik eraman beharko dira, eta elkartetik irten aurretik, erabilitako mahaiak eta aulkiak desinfektatu. Ardozaleetan, debekatu egin dute karta jokoetan aritzea eta baita erreserbatu gabeko mahaietan egotea ere; Inpernun, berriz, terrazan egoteko ordutegia herriko terrazen ordutegira mugatu dute.
Aldiz, Azpeitiko Landeta elkartekoek nahiago izan dute "gauzak lasai hartzea", eta, momentuz, elkartea ez irekitzea. Nagore Arretxe batzordeko kideak azaldu duenez, legeak dioena betetzeko zein neurri hartu aztertzen ari dira. Eta beste horrenbeste Arkaitza elkarteari dagokionez. Itxialdi garaian margoketa eta garbiketa lanak egiten aritu dira, eta hasiak dira irekiera prestatzen, baina oraindik egunik zehaztu gabe.
Zarautz
Ostegunean egin zuten bilera Zarauzko hamar elkarte gastronomikotako ordezkariek, eta haietatik bakarrak azaldu zuen zabaltzeko asmoa: Kaioak. Arantza Epelde Gure Kabia elkarteko lehendakariak azaldu du bileran parte hartu ez zuten beste bi elkartek ere adierazi diote zabaltzeko asmoa.
Gainontzekoek itxita jarraituko dute, ordea: "lokal batzuk oso txikiak dira mahaien arteko bi metroak bermatzeko, eta gainera, bazkide bakarra altxa daiteke mahaitik, komunera joateko ez bada. Pertsona bakar horrek egin behar du sukaldean eta baita garbitu ere", azaldu du Iñigo Mantzizidor Urpekoak elkarteko kideak. "Gauza asko egin behar dira zabaltzeko, ez da soilik gel hidroalkoholikoa jartzea sarreran eta sukaldean. Bazkalondoren elkartea hustu egin behar da garbitzaileak tokia desinfektatzeko afarien aurretik, adibidez. Neurri asko dira", gaineratu du Epeldek, eta esan du legeak aholkatzen dituen paperezko mantalak, adibidez, agortuta daudela toki guztietan.
Ostalaritzak dituen neurri oso antzekoak ezarri zaizkie elkarte gastronomikoei: "Komunak etengabe garbitu behar direla jasotzen du legeak. Elkarteetan ez dago inor lan hori egiteko etengabe, eta norberaren esku geratuko litzateke erabili ondoren garbitzea komuna. Bi hilabetez etxean egon ondoren, ez zaigu iruditzen presaz zabaldu beharko genukeenik", iritzi dio Mantzizidorrek. "Gauza asko erosi behar dira elkartea zabaldu ahal izateko: gel hidroalkoholikoa eta erabilera bakarreko mantalak, adibidez. Gastu hori egin, eta jendea ez bada joaten, galerak egongo lirateke".
Zumaia
Ostiralean elkartu ziren Zumaiako elkarte gastronomikoetako zuzendaritza batzorde guztietako ordezkariak. Txoaskina eta San Migel elkarteek zabaldu dituzte ateak dagoeneko. Anade elkartea, berriz, laster irekiko dute. Gainontzeko elkarteak jarduera protokoloak sortzeko lanean ari dira, eta gel hidroalkoholikoak, paperontziak eta materiala jaso eta elkartea prestatzen.
Elkarte batzuk obretan ere badadue, besteak beste, Aita Mari eta Pulpo. Elkarteetako ordezkariek erabiltzaileei eskatu diete zuzendaritza batzordeek ezarritako protokoloa betetzeko, eta gogorarazi diete gertatzen denaren erantzukizuna bazkide bakoitzarena dela.