Correosen eskualdeko bulegoek ohiko ordutegia izango dute bihartik aurrera

Urola Kostako Hitza 2020ko maiatzaren 31

Urola Kostako Correosen bulegoek ohiko ordutegia izango dute bihartik aurrera. Bestalde, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidezko botoa emateko leihatila bereziak ezarriko dituzte hainbat herritan.

Correosen Azpeitiko bulegoa. (Mailo Oiarzabal)

Correosek ordutegi murriztua izan du azken asteetan COVID-19 gaitza dela eta, baina bihartik aurrera ohiko ordutegia berreskuratuko dute Urola Kostako bulegoetan. Azpeitian eta Zarautzen, 08:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik bulegoa; larunbatetan, aldiz, 09:30etik 13:00etara. Azkoitiko eta Zumaiako bulegoetan, berriz, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era egongo da zabalik bulegoa, eta zapatuetan, 09:30etik 13:00etara. Horrez gain, astearteetan eta ostegunetan arratsaldez ere irekiko dute bulegoa bi herri horietan, 18:00etatik 20:00etara. Getarian, Zestoan eta Orion ere astelehenetik larunbatera bitarteko goizetan ohiko ordutegia izango du Correosek, eta herri horietan ostegun arratsaldeetan ere zabalduko dute bulegoa, 18:00etatik 20:00etara.

Erakundeak adierazi duenez, uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidezko botoa ematea erraztu asmoz hartu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bulegoetako ordutegiak zabaltzeko erabakia. Gainera, hiru herrialde horietako hainbat bulegotan leihatila bereziak ezarriko dituzte posta bidezko botoa emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide