Uda denboraldiari eskutik helduta iritsi ohi da TAO sistema ere eskualdeko kostako herrietara. Herri askotan etenda egon bada ere, laster jarriko dute martxan eskualdeko kostako bailarako herrietan. Zarautzen, ohi bezala, ekainaren 1ean jarriko da sistema martxan. Gune gutxiagotan bada ere, neguan ere izan ohi da TAO herri horretan, baina COVID-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, udako baldintzekin jarriko da martxan zuzenean. Horren aurretik, hainbat prestaketa lan egin nahi dituzte, eta horien berri aurrerago emango duela aurreratu du Xabier Txurruka alkateak. Oraingoz, jakinarazi du Kortazar eta Eguzki-Izar izango direla udako eguneko aparkalekuak, eta dagoeneko garbiketa lanetan ari direla udaleko langileak, ekainaren hasierarako prest egon daitezen. Horrez gain, Lapurdi kaleak norabide bakarra izango du ekainetik aurrera. Tren geltokitik izango du sarrera eta Kortazarreko eremuan amaiera. Ondorioz, Hegoalde kalearen norabidea ere aldatu egingo dute. Aldaketa horiekin ehun aparkaleku berri sortuko ditu udalak. Horietako 40 lehen guneko egoiliarrentzat izango dira, eta , beste 60ak, berriz, TAO sistemak araututako gune urdinerako bideratuko dituzte.
Udalak TESEC Señalizaciones S.L. enpresa kontratatu du Lapurdi kalea norabide bakarreko kale bihurtuko duten pintaketa lanak egiteko; 14.674 euro (gehi BEZ) inbertituko du zeregin horretan. Lanak bihar hasiko dira, eta astebeteko epean egitea aurreikusten dute. Obrek iraun bitartean, autoak Lapurdi kaletik kentzeko eskatu diete bizilagunei.
Beste herrietan, zehazteke
Getarian ekainaren 13an jarriko dute martxan zerbitzua, irailaren 13ra arte. Aurreko urteetan bezala, portuko eta Malkorbe hondartzako aparkalekuetan ezarriko dute TAO, eta oraindik xehetasun guztiak erabakitzeke dituzten arren, irizpide gehienak aurreko urteko berak izango direla jakinarazi du herriko Udaltzaingoak.
Orion normalean ekainaren 1ean hasi ohi badira ere, aurten ez dute betiko datan jarriko martxan TAO zerbitzua. Udalak azaldu du adosteke dituztela oraindik uda denboraldiari dagozkion hainbat kontu, eta ez dakitela zehazki noiz hasiko diren kobratzen hondartza inguruko aparkalekuen erabilera. Zumaiako Udalak ere oraindik ez du zehaztu noiz sartuko den indarrean TAO, ezta aurreko urteekin alderatuta berrikuntzarik izango den ere.