COVID-19aren hedapena saihesteko, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eremu komunetan edo jende asko biltzen direnetan nahitaez bete beharreko prebentzio neurriak ezarri dituzte. Eremu horien artean daude hondartzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Hondartzen Lurralde Mahaia bildu zuen atzo goizean, arinaldian Gipuzkoako hondartzak irekitzeko baldintzak aztertzeko. Bilera horretan aldundiko Ingurumen Departamentuak gomendio eta proposamen batzuk egin zizkien udalei, eta udal ordezkariekin adostu beharreko hainbat gai jarri zituzten mahai-gainean; besteak beste, hondartzak irekitzeko egin beharko liratekeen jarduerak, bainatzeko eremua ireki aurreko prozedurak eta horiek ireki ondoren ezarri beharreko prebentzio neurriak. Datei buruzko erabaki irmorik hartu ez bada ere, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ETBri adierazi dionez, "hondartzen irekiera ekainaren 15a eta uztailaren 1a bitartean egitea da proposamena".
Ingurumen Saileko arduradunez gain, Orioko, Zarauzko, Getariko, Zumaiko, Debako, Mutrikuko eta Hondarribiko alkateek eta Donostiako Gune Publikoetako zinegotziak parte hartu zuten bileran.
Aldundiak azaldu duenez, atzoko bileran erabaki zuten Gipuzkoako hondartzak gainerako lurraldeetakoekin batera irekitzea. Gainera, Ingurumen Departamentuak laguntza teknikoa eskaini die Gipuzkoako kostaldeko udalerri guztiei hondartza bakoitzaren azterketa pertsonalizatua egiteko. Horrez gain, osasun txostenak eta hondartza erabiltzeko gomendioak ere eman dizkie, urruntze sozialeko arauak ere hondartzetan bete ahal izateko.
Uraren bitartez kutsatzeaz
CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak hondartzetan eta igerilekuetan COVID-19a kutsatzeari buruz argitaratutako txostenaren arabera, oso gutxitan gertatzen da kutsatzea urarekin kontaktua izateagatik. Beraz, azaldu dute hondartzetan eta igerilekuetan koronabirusaz kutsatzeko bide nagusia eztula eta doministikua edo pertsonen arteko kontaktua direla.
Horregatik, Gipuzkoako hondartzetako arduradunen iritziz, hondartzak irekitzeko erronkarik garrantzitsuena urruntze sozialeko neurriak errespetatzea izango da eta, horretarako, herritarren artean kontzientzia kolektiboa indartu behar da. Gainera, bileran adierazi zuten, eremu komunak egunero garbitu eta desinfektatzea ere funtsezkoa izango dela birusa hedatu ez dadin.
Alkateen adierazpenak
HITZAk atzoko bileraren balorazioa eskatu die kostako herrietako alkateei. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak ez du adierazpenik egin nahi izan, "araudi zehatzak argitaratu eta dagozkion erabakiak hartu bitartean".
"Aurtengo udako denboraldian hondartzez gozatu behar dute herritarrek, aukera hori zor diegu gure herritarrei"
(Haritz Alberdi, Getariako alkatea)
Haritz Alberdi Getariako alkateak hondartzen garrantzia azpimarratu du. "Hondartzak espazio naturalak dira eta gure herri bizitzetan gune garrantzitsuak. Gozatzeko lekuak dira, kirola egitekoak, lasai egotekoak eta gainera kanpotarrak erakartzen dituen espazioak ere badira. Osasun krisi honetan, orain arte egin dugun bezala, osasuna eta bizitzak erdigunean jartzen segitu behar dugu eta hondartzak irekitzeko hori ezinbestean eduki behar dugu kontuan". Hala, hondartzak irekitzearen alde agertu da, eta horretarako lanean ari direla esan du: "Udari begira uste dut irudimena erabili behar dugula espazio horren antolaketa eta irekierari begira. COVID-19ak gure artean jarraitzen du eta, zoritxarrez, denbora batean ere horrela izango da. Gaixotasun horren prebentzioari begira distantzia sozialak oso garrantzitsuak dira eta jende pilaketak ekidin behar dira; baina aurtengo udako denboraldian hondartzez gozatu behar dute herritarrek, aukera hori zor diegu gure herritarrei eta aldi berean, orain arte egin dugun bezala, gaixotasunaren transmisioari bizkar eman behar diogu; horri erantzuten dioten proposamenekin gabiltza hainbat eta hainbat herri".
"Zaila iruditzen zait uztailean hondartzak normaltasunez irekitzea, edukiera mugatuarekin bada ere"
(Anuska Esnal, Orioko alkatea)
Atzo gauean Anuska Esnal Orioko alkateak ETB1eko Eztabaidan saioan azaldu zuenez, bilerak "ikuspuntu desberdinak mahai gainean jartzeko eta proposamenak egiteko" balio izan zuen. Izan ere, Esnalek uste du konfinamendutik ateratzeko prozesuak berak baldintzatuko duela hondartzen irekiera. Dena dela, adierazi zuen, noiz irekiko diren zehaztea baino garrantzitsuagoa dela nola irekiko diren definitzea. "Ekainaren 30era arte larrialdi egoeran egongo garela aurreikusten bada, zaila iruditzen zait uztailaren 1etik aurrera hondartzak normaltasunez irekitzea, nahiz eta edukiera mugatua izan. Gure lehentasuna osasuna eta bizitza erdigunean jartzea izango da, eta uste dugu edukiera mugatuta bakarrik ez dela hori bermatuko. Izan ere, ilarak sortuko lirateke hondartzara sartzeko, eta horrek jende pilaketak eta erabiltzaileen arteko gatazkak sortuko lituzke", azaldu zuen.
Bestetik, hondartzaren gaiaren bueltan udalerri guztietan irizpide berak markatzearen garrantzia ere aipatu zuen Esnalek. "Erronka honi denon artean eta adostasunetara iritsita egin behar diogu aurre. Horrela egiten ez badugu, batek hartzen duen erabakiak besteengan eragina izan dezakeelako".
"Hausnarketa sakona egin behar dugu, eta azkar"
(Alex Oliden, Zumaiako alkateordea)
Alex Oliden Zumaiako alkateordea izan zen atzoko bileran Zumaiako Udalaren izenean, eta hedabide honi ideia bat azpimarratu dio: "Hausnarketa sakona egin behar dugu, eta azkar". Oraingoz ez du xehetasun gehiago eman Zumaiako Udalak.