COVID-19 gaitzak eragin zuzena izan du pilota munduan ere. Eskualdeko pilotariek bi hilabete daramatzate pilotalekurik zapaldu gabe. Gainera, hasita behar zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak; eskuzko, gomazko paletako zein zesta-puntako lehietarako eman zuten izena Urola Kostako herriek aurten.
Hamaseina herri zeuden izena emanda eskuzko eta gomazko paleta txapelketetarako Gipuzkoan. Bost edo zazpi herri ziren parte hartzekoak larruzko paleta eta pala motzekoan, eta lau, berriz, zesta-puntakoan. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa eskuzko eta gomazko paleta modalitateetan ziren parte hartzekoak. Zumaia, berriz, zesta-puntako eta gomazko paletako lehietan.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ez du Herriarteko Txapelketaren gaineko behin betiko erabakirik hartu oraindik. Une honetan, klubek dakiten bakarra da txapelketak bertan behera daudela. Gainera, federazioak argi du Herriarteko Txapelketek amaituta beharko luketela ekainaren bukaerarako. Horregatik, balizko aukera bat du mahai gainean eskuzko eta gomazko paleta modalitateetarako. Proposamen horren arabera, kanporaketak jardunaldi bakarrera jokatuko dituzte, zozketa bidez erabakitako klubaren herrian. Ondorioz, bi partida irabazten dituen herriak egingo luke aurrera txapelketan. Partida horiek ikuslerik gabe izango lirateke, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ez du garbi ikusten hori: "Herriartekoa publikorik gabe egiterik ez du ikusten federazioak". Itxura guztien arabera, beraz, baieztapen ofizialik eman ez duten arren, aurten ez da Herriartekorik jokatuko.
Urola Kostako pilota klub guztiek sentimendu bera azaldu dute Herriarteko Txapelketari dagokionez, eta orain jokatzeko aukerarik ez denez, "pena" hitza izan dute ordezkari guztiek ahotan. Azkoitiko Oteiza taldeko Alex Juaristik egoera zein den ikusita "logikoena" Herriartekoa ez jokatzea dela uste du. "Herrian saltsa eta giroa sortzen duen txapelketa da Herriartekoa. Herriak erantzun egiten du, eta beti da ederra herriaren aurrean pilotan jokatzea. Alde horretatik, pena hartu dugu", azaldu du. Gainera, lehia publikorik gabe txapelketa jokatzea "tristea" dela gaineratu du Juaristik. Gauza bera dio Xabier Aldalur Azpeitiko Ilunpe taldeko kideak: "Publiko aldetik jende gehien mugitzen duen txapelketa da. Pilotarientzat eta klubarentzat jokatzeko dagoen txapelketarik ederrena da. Pena da aurten ez jokatzea". Zestoako Abantzu pilota klubeko Jon Etxeberria ere penatuta agertu da, aurten eskuzkoan "sekula baino talde indartsuagoa izateko aukera" ikusten zutelako. Gomazko paletan ere, "talde sendoa" zutela dio Etxeberriak. Zumaiako zesta-puntako Iñaki Aizpuruak, berriz, Herriartekoak herriari "xarma" edo "presitigioa" ematen diola azaldu du: "Aurten ere pentsatzen genuen gure aukerak izango genituela, eta alde horretatik pena hartzen dugu".
Sentimendu gazi-gozoa
Federazioak ekainean jokatzeko egin duen balizko proposamena txapelketa "ez jokatzea baino hobea" dela dio Aldalurrek. Garbi dute herrien arteko txapelketak sortu ohi duen mugimendua ez dela izango aurten, baina jokatzea "egokia" delakoan daude. "Txapelketa bertan behera gelditzea baino egokiagoa izan daiteke era batera edo bestera jokatzea", diote. Azkoitiko pilotariek, gainerako guztiak bezala, bi hilabete pasatu dituzte pilotalekura sartu gabe, eta horiek "zaila" ikusten dute ekainean jokatzeko aukera izatea: "Ekainean hasi beharko bagenu, berehala hasi beharko genuke entrenatzen. Eskuak-eta nola ditugun ikusi beharko genuke, gainera. Gauza bat da horma baten aurka pilotakadak ematea, eta bestea pilotalekuan bertan pilotan egitea eta lehiatzea. Bi astean entrenatuta fisikoki gutxiago nabarituko litzateke, baina uste dut eskuek asko sufrituko luketela", azaldu du.
Etxeberriak uste du federazioak proposatutakoa aukera "egokia" dela, baina Herriartekoak "esentzia galdu" egingo lukela dio: "Herritarren aurrean beste herri baten aurka jokatzeko txapelketa da Herriartekoa". Halaber, ekainean hastea "azkarregi" dela iritzi diote Zestoan, erabiltzen dituzten frontoiak kudeaketa publikokoak direlako, eta oraingoz pilotariak ezin direlako horietara sartu. "Zain" daudela aitortu dute zestoarrek. Egoera berean daude Zumaiako puntistak ere. Ekainean jokatzeko aukeraz galdetuta, "beste aukerarik ezean" jokatzea onartu egin beharko dutela diote: "Aukera bat da, eta nahitaez egin behar bada, han egongo gara, gogotsu", esan du Aizpuruak. Halere, "korrika eta presaka" txapelketa egiteari ez dio "zentzu handirik" ikusten zumaiarrak: "Egoera berri hau dela-eta urtebetez txapelketa ez egiteagatik ez dut uste ezer gertatzen denik".