Ordutegi jakinik gabe eta Gipuzkoa osoan barrena entrenatzeko aukera dute kirolari profesionalek nahiz goi mailako kirolariek, joan den astelehenetik.
Azken zazpi asteetan etxetik kanpo entrenatzeko modurik ez dute izan, eta gustura daude orain daukaten aukerarekin. Lehiara noiz itzuliko diren ziur jakin gabe, prestatzen segituko dute.
Iñaki Osa Goikoetxea: "Frontoietara itzultzen garenean landuko dut teknika"
(Zesta-puntako jokalaria)
"Etxean entrenatuta, nahiko gogorra eta zaila izan da forma mantentzea. Orain, ordea, kalera irten naiteke entrenatzera, eta askoz hobeto nago. Korrika edo bizikletan ibiltzen naiz batik bat, baina surf egitera ere joan izan naiz. Frontoietara itzultzen garenean landuko dut teknika.
Kirol Kontseilu Gorenak kirolari profesionala naizela egiaztatzeko agiri bat bidali dit. Horrekin, ordu eta maiztasun mugarik gabe entrena dezaket. Entrenatzera irteten naizenean, agiria sakelakoan gordeta eramaten dut. Ordutegi askea dudan arren, orain arte 20:00etatik 22:00etara entrenatu dut, umeekin lanpetuta egon izan naizelako; aurrerantzean, zertxobait lehenago entrenatzea espero dut.
Uste dut kirolarioi eragiten digun neurri hau ez zaiola ondo iruditu jendeari. Guztiok, pertsonak garen heinean, berdinak gara, eta orain kirola ez da garrantzitsuena; jende gehiago ez kutsatzea da inportanteena. Horrek baldintzatuko du normaltasunera itzultzea, eta batzuei baimenak ematen hasten badira, kutsatuak ugarituko dira; atzerapauso bat izan daiteke. Federatutako kirolarien antzera, goizez eta arratsaldez entrenatzea nahikoa iruditzen zait; bi saio horiek eginda, ondo prestatzeko aukera dago".
Julen Egiguren: "Era batera edo bestera, laster bueltatuko gara frontoira"
(Pilotaria)
"Oraindik ez dugu frontoian entrenatzeko aukerarik izan, baina nik uste, egun gutxi barru, datorren astean edo, hasteko moduan izango garela. Kirolari profesionalok badugu aukera udal eraikinetan entrenatzeko baimena eskatzeko, eta momentu honetan udalarekin hizketan ari gara baimen hori lortu ahal izateko. Gainera, oraindik ezer garbirik ez dakigun arren, esan digute laster frontoiak irekitzeko aukera aztertzen ari direla. Ez dakigu noiz izango den hori, ezta zein baldintzatan ere, baina era batera edo bestera, laster bueltatuko gara frontoira.
Badakit kirolari profesionalei eta goi mailakoei baimen edo pasaporte berezi bat eman dietela kalean nahi duten ordutegian entrenatu ahal izateko eta pilotariak arazoak izaten ari direla baimen hori lortzeko, enpresek eta federazioak beren artean dituzten gorabeherengatik. Nik neuk ere ez daukat eskura baimen hori, baina geratuko banindute, ez dut uste arazorik izango nukeenik. Nire egoera azalduko nieke, eta pentsatzen dut ulertuko luketela. Dena dela, aste honetan, ezarritako ordutegiaren barruan atera naiz entrenatzera eta etxeko entrenamenduekin ere jarraitu dut, aurreko zazpi asteetan bezala.
Itxialdian egon garen bitartean, egunero-egunero entrenatu dut etxean, eta uste dut sasoiari eustea lortu dudala, galdu behintzat ez dudala egin. Hala ere, frontoian hasten garenean ikusiko dut benetan nola nagoen, probatu arte ez dagoelako jakiterik. Lehiatzen noiz hasiko garen, berriz, ez dakigu, ezta zer baldintzatan egingo dugun ere: publikoarekin edo publikorik gabe. Zentzu horretan, dena airean dago".
Jon Agirre: "Etxean arrabolan ibiltzea eta errepidean aritzea ez dira gauza bera"
(Txirrindularia)
"Gogo handia neukan bizikletarekin errepidera itzultzeko, barruan egotearekin eta entrenatzearekin aspertuta nengoen. Hasieran nahiko arraro sentitu nintzen; baina haize pixkat bat hartu eta oso gustura, libre gaudelako.
Kirolari profesionalentzat ezarri dituzten baldintzetan entrena dezaket: Gipuzkoaren mugen barruan nahi dudan tokian eta garaian ibili naiteke. Egun hauetan kirola egitera irten daitezkeen gainerakoen aldean, askatasun handia da hori, etxetik urrutira joan gabe bueltaka eta beti orduari begiratzen ibili beharrik ez dudalako.
Hala ere, etxean arrabolan ibiltzea eta errepidean aritzea ez dira gauza bera. Horregatik, hasierako egun hauetan nahiko lasai nabil, saio luzeak-eta egin gabe; pixkanaka joatea komeni, berriro martxa hartu arte. Dena den, uste nuena baino hobeto topatu dut neure burua sasoi aldetik. Arrabolarekin azkenerako aspertu arren, bere fruitua eman duela ere esan daiteke.
Uste dut igande honetan direla gure lasterketen egutegia ateratzekoak, baina abuztura arte ez dugu lasterketarik izango. Dena ondo joaten bada, esan digute azarora arte luzatuko dutela egutegia. Niretzat hau profesionaletan lehiatuko naizen lehen urtea da. Ikasteko denbora hartzeko urtea izan behar zuena erditik moztuta gelditu zait, azkenean; baina espero dut orain arte bizitako esperientzia eta hemendik aurrera etorriko dena ere ikasgai onak izatea, zerbaiterako balio izatea".
Irati Osa: "Ordutegi mugatua izango banu, ezingo nuke entrenatu"
(Piraguista)
"Konfinamendua hasi zenean, nire piragua eta palak etxeko garajera eraman nituen, eta ibaitik 200 metrora bizi naizenez, erraztasunez eraman dezaket piragua ibaira, bertan entrenatzeko. Ia bi hilabetez uretara sartu gabe egon naiz, eta orain, 18:30ean sartzen naiz uretara, nire entrenamenduak hiru ordukoak direlako, eta goizetan eskolak izaten ditudalako. Ordutegi askatasuna izango ez banu, ezingo nuke entrenamendu osoa gauzatu, 23:00etan bukatuko nukeelako entrenamendua. Hala ere, ia bakarrik egoten naiz ibaian, eta ez dago kutsatzeko arriskurik apenas. Gipuzkoan zehar ere entrenatzeko aukera dut, baina Zumaian entrenatzea aurreikusten dut, hala egin dudalako beti.
Nik egiten dudana uretako kirola denez, ezin dut agiririk eraman gainean, baina etxean goi mailako kirolaria naizela frogatzen duten agiriak ditut.
Agian, jendeak ez du begi onez ikusiko kirolarioi entrenatzeko eskaini diguten aukera hau. Eraikuntzako langileak lanean hasi diren bezala, baina, kirolari profesionalek ere eskubidea dute lanean hasteko; azken finean, beren ogibidea da kirola. Bestalde, arrisku mailaren arabera ari dira zabaltzen lan sektoreak, eta uste dut kirolean ere itzulera mailakatua izan behar dela, eta lehentasuna izan behar dute goi mailako kirolariek, horiek prestatzeko behar handiagoa dutelako".
Jokin Aranburu: "Entrenatzeko orduan, ez dugu udalerrira mugatu beharrik"
(Txirrindularia)
"Asteburuan, kalean ariketa fisikoa egiteko aukera eman ziguten herritarroi, eta eguraldi ona lagun, entrenatzen hasi aurretik, oinez ibiltzera irten nintzen, gutxieneko normaltasun batera itzultzen hasteko. Astelehenetik aurrera, kirolari profesionalok kalean entrenatzeko aukera dugu, eta astelehenean bertan irten nintzen errepidera bizikletarekin. Guretzako horren ohikoa den entrenatzeko eta atsedena hartzeko eguneroko sentsazio hori sentitu nuen.
Etxean horrenbeste denbora arrabolaren gainean pasatu ondoren, berezia izan da errepidera itzultzea. Lehenengo egunean gurpiletara begiratzen nuen, ea ongi lotuta zeuden begiratzeko. Bizikleta gaineko oreka sentipen hori nolabait galdu egiten da horrenbeste denbora eta gero. Egunero bizikletarekin gora eta behera zabiltzanean gorputza eta bizikletak bat egiten dute; bizikletak ez zaitu eramaten. Astelehenean ikusten nuen ez nindoala bizikletan koordinatuta, nahiz eta arrabolan egunero aritu.
Lehen eguneko saioa lasai hartu nuen; ibilbide labur bat egin nuen bizikletan, Azpeitira joan-etorria. Eguerdi partean atera nintzen, oso giro sargoriarekin. Hemendik aurrera, pixkanaka-pixkanaka joango naiz. Hobe da modu progresiboan joatea eta egoera lasaitasunez hartzea.
Entrenatzeko orduan ez dut udalerriaren mugarik; Gipuzkoa osoan ibil naiteke, eta txirrindularion arteko tarteak hamar metrokoa izan behar du. Gipuzkoan ez daude txirrindulari profesional asko, eta zaila da multzoka elkartzea; gehienez bat edo bi ikusten ditut errepidean.
Garrantzitsuena populazio osoaren osasuna da une honetan, eta txirrindulariok ez gara beste pertsonak baino inportanteagoak. Baina tabernari batek bere lanpostua defendatzen duen bezala, txirrindulari batek bere lanpostua defendatuko du, nahiz eta momentu honetan ez eduki lasterketarik. Kirolari gazte bat hobetze fasean dago, bere mugara oraindik iritsi gabe, eta, orduan, bere jarraikortasuna etetea bere lanbidearentzat arazo bat da. Agian, gizartearentzat mediku batek edo irakasle batek izan dezakeen garrantzia maila ez du izango txirrindulari baten jardunak, baina gure lanbidea da, eta gure ogibideak arduratzen gaitu".
Oier Ibarguren: "Nuarbera bueltaka nabil; auskalo zenbat joan-etorri egin ditudan honezkero"
(Txirrindularia)
"Elite mailako 23 urtetik gorako afizionatuetan lehiatzen dut; federatutako kirolaria naiz, baina ez naiz profesionala edo goi mailakoa. Baneukan goi mailako kirolarien baimena emango zidaten esperantza, orain dela gutxi Espainiako selekzioarekin kontzentrazio batean izan nintzelako; baina oraingoz ez didate eman. Hortaz, egunean bitan atera naiteke entrenatzera, bakarrik, ez daukat udalerriko mugetatik ateratzerik eta ordutegiaren barruan ibili beharra daukat, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
Baimena lehendabiziko minututik baliatzen ari naiz; larunbatean 06:00etan atera nintzen etxetik. Larunbatean eta igandean saio bana egin nituen, hiru bat ordukoa bakoitza, eta beste egun batzuetan bitan ere atera naiz, goizean eta afalondoan. Sekulako askatasuna sentitu dut, arrabolan ibiltzeaz nazka-nazka eginda nengoelako, baina askatasun horrek mugak dauzka, ezin naitekeelako Azpeititik irten. Nuarbera bueltaka nabil; auskalo zenbat joan-etorri egin ditudan honezkero.
Zazpi asteotan arrabolan ordu asko sartu ditut eta sasoi puntu onean nengoela uste nuen, baina errepidera atera naizenean sufritu egin dut. Lehenengo bi egunak gogorrak egin zaizkit, baina pixkanaka ari naiz martxa hartzen, gero eta hobeto nabil.
Laster, taldekideekin entrenatzen hasteko aukera izango dugula esan digute, talde txikietan, baina egia esan, horrek ez du askorik aldatuko nire egoera, Gipuzkoa osoan taldekide bakarra daukadalako. Ez dakiguna da noiz hasiko garen lehiatzen. Espainiako Txapelketarako egunak jarri dizkigute abuzturako, baina oraindik ez dakigu ziur jokatuko dugun ala ez. Ni nahiko ezkor nago. Ikusteko dago, baina egoera dagoen bezala, zaila ikusten dut txapelketa esandako egunetan jokatzea, eta taldean ere iritzi berekoak dira".
Jone Zabaleta: "Jendearen begiradekin, egunotan ez naiz eroso sentitu entrenatzen"
(Atleta)
"Konfinamendua hasi baino bi egun lehenago, martxoaren 12an, bertan behera geratu ziren Lleidako Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) eskola guztiak, eta esan ziguten Aste Santutik itzuli arte ez genuela klaserik edukiko. Beraz, egun hartan bertan maleta egin eta Azkoitira etorri nintzen. Aste Santuaren ondoren espero nuen hara itzultzea, baina egoera ikusita, herrian jarraitzen dut, eta aurten Lleidara itzultzeko asmorik gabe, azterketa guztiak online egiten baititugu.
Etxetik kirola egitera irten gabe egotea hasieran gogorra egin zitzaidan, entrenatzeko modua asko aldatu behar izan nuelako. Gero, korrika egiteko zinta iritsi zitzaidan, eta hobeto egokitu naiz. Entrenatzea errazagoa egin zait horrela, sasoia mantentzeko bada ere. Hobetzeko ez dit balio izan, baina bai sasoia mantentzeko. Etxean nituen pisuekin ere egin dut lan.
Joan den larunbatean korrika egin genezakeela esan ziguten, baina 06:00etatik 10:00etara edota 20:00etatik 23:00etara; berdin zuen zein mailatako kirolaria izan. Astelehenetik aurrera, ordea, kirolari profesionalek edota goi mailako kirolariek edozein ordutegitan entrenatzeko aukera dugu, eta nahi izanez gero, egunean bitan. Herritik irteteko baimena ere badugu, eta entrenatzailearekin ere egin genezake lan saioa. Atletismoko pista bat behar edo nahi badut, berriz, espazio naturaletarako baimena ere eskatzeko aukera dut.
Astelehenean, 10:00etan atera nintzen etxetik kirola egitera. Herritar batzuek pentsatuko zuten ordutegiz kanpo atera nintzela; izan ere, egunotan jendearen begiradekin eta esanekin ez naiz eroso sentitu entrenatzen. Horregatik, asteartean kirola egitera 09:00etan irtetea erabaki nuen. Afalaurrea ere beti baliatzen dut oinez bada ere paseo bat egiteko".