Madrilen jaio zen Angel Heredia. Duela zenbait urte etorri zen Zumaiara, eta portuan bizi da geroztik, emaztearekin, itsasontzi txiki batean. Hain espazio txikian konfinatuta egotea nolakoa den azaldu du. Horrez gain, bere jaioterriko egoeraz mintzatu da, koronabirusak gogor astindu duelako inguru hura eta bere gertukoengana iritsi direlako ondorio latzak.
Nola aldatu da zuen errutina azken asteetan?
Asko aldatu da. Itsasontzian igarotzen dugu denbora. Goizetan lanera joaten naiz Larrabetzura [Bizkaia], baina emaztea egun osoan itsasontzian egoten da.
Zenbateko luzera du zuen itsasontziak?
Zortzi metro ditu, txikia da. Bizitzeko nahikoa da, baina, guretzat. Ohituta gaude txikitasun horretan bizitzen, konfinamendu aurretik ere luzera berbera zuen ontziak. Aste Santuko bost eguneko jaiegunak itsasontzian eman genituen biok, baina zorionez, atzean terraza handia dugu: portua.
Erosketak, adibidez, bi astean behin egitea gomendatzen zuten. Denbora tarte handia da hori.
Nik beti bezala egiten ditut erosketak: larunbatean erosketa handia egiten dut, eta egunero ogia edo zerbait zehatza erostera irteten naiz.
Orain kirola egitera atera daiteke, baina aurrez, horretarako aukerarik izan duzue zuen bizitokian?
Nik ez dut sekula kirol gehiegirik egin, mendira edo nabigatzera bakarrik joan izan naiz. Emazteak, berriz, ariketak egiten ditu gomarekin, eta pantalanean joan-etorrian ibiltzen da.
Antzerkia ere egiten duzu. Online modura, ezta?
Aurreneko saioa eta gero, utzi egin behar izan nuen, oso baxu nengoelako animoz. Egoera honek oso arduratuta nauka. Madrildarra naiz, bertan daude nire lagunak eta familia, eta egoera oso latza da han. Bi lagun galdu ditut: bata biriketako transplante baten zain zegoen, eta koronabirusarekin kutsatuta hil zen; eta bigarren laguna ere gaixo hil da. Horrez gain, nire osaba eta izeba ospitalean daude koronabirusarekin. Ez da erraza egoera hori kudeatzea. Asko pentsatzen dut gizartea nola geratuko den honen ondoren. Krisialdietan beti berdinok ordaintzen dugu: langileek eta pobreek.
Gogorra izango da etxetik hain urruti egotea…
Bai, badakit nola dauden familia eta lagunak whatsappari esker, baina hirugarren eskutik… Ez da harreman zuzena, eta ez da erraza. Madrilgo egoera oso gogorra da. Desastre hutsa da. Agintariek osasun publikoa saldu zuten, eta horren ondorioak jasaten ari gara.
Nolako etorkizuna espero duzu?
Baikorra naiz, eta espero dut ikasgai bat ateratzea hemendik. Badakit oso zaila dela, baina kapitalismo hau aldatzea eta eredu komunitarioagoa bultzatzea nahiko nuke. Azken krisialdian ni langabezian gelditu nintzen hiru urtez; orain ongi nago, baina espero dut lana ez galtzea.