Koronabirusaren krisialdiak ekonomian gainbehera handia ekarriko duela diote adituek. Egoera horri aurre egin nahian, Zumaiako Udalak 1,5 milioi euroko diru poltsa sortzea erabaki du. Udalak dituen gerakinetatik bideratuko den diru horrekin, honako helburu hau lortu nahi dute: epe labur, ertain eta luzean herritarrek zein jarduera ekonomikoek behar dituzten laguntzak martxan jartzea eta egoerarekin sortutako ezohiko gastuak estaltzea. Erabakia Zumaiako Udalean ordezkatuak dauden hiru alderdien (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin onartu da, eta lehenengo laguntzetarako deialdiak datozen asteotan zabalduko dituzte.
Diru poltsa hori bost arlotara bideratuko duela iragarri du udalak. Batetik, gizarte laguntzen aurrekontua indartuko du erakundeak: udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen dituzten laguntzen (DSBE, GLL eta Larrialdietarako laguntzak) aurrekontua indartuko dutela azaldu dute udal ordezkariek. Horri lotuta, herriko etxe guztietan banatuko da laguntzen inguruko informazioa, baita horiek eskatzeko nora joan behar duten esan ere.
Elikadura, alokairua, hipoteka ordainketa edo oinarrizko beste gastu batzuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu die udalak. Horretarako, 943-86 22 00 telefonora dei dezakete.
Enpresak eta autonomoak
COVID-19 gaitzaren ondorioz herriko enpresa eta jarduera txikiek izango dituzten galerak arintzea ere badu helburu laguntza lerroak. Hamar langile arteko, eta urtean 9.000 eta milioi bat euro bitartean fakturatzen duten jarduera guztiek izango dute laguntza eskatzeko aukera, eta gehienez, 2.000 euroko kopurua jasoko dute.
Udalaren esanetan, laguntza bateraezina izango da Lanbidek edo beste laguntza baliokideren batek autonomoei eta enpresaburu indibidualei emandako beste laguntzekin.
Herriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko asmoz, deskontu bonoen sistema jarriko dute martxan. Herritarren ohituretan eragitea da kanpaina horren xedea, herriko dendetara joateko ohitura indartuta. Neurriak herriko dendetan 450.000 eurora arteko eragin positiboa izan dezakeela uste du udalak.
Dendei zuzenduko zaie lehen ekinaldia, eta parte hartzeko deialdia datozen egunetan jasoko dute. Bigarren ekinaldian, ostalaritzari zuzendutako bonoak aterako ditu udalak.
Horri lotuta, komunikazio kanpaina bat martxan jartzeko asmoa du udalak, zumaiarren ohituretan eragiteko. Bertako denda txikien garrantziaz jabetzea eta horiek zaintzea lortu nahi dute kanpainaren bidez.
Egoera berrira egokituko den kultur eskaintza berri eta indartsu bat lortzeko laguntzak ere izango dira. Online zein kalean, formatu ezberdinetan egin daitezkeen kultur ekintzak indartzeko eskaintza sortu nahi du udalak.
Jaurlaritzaren laguntzak
Udalak argitu du, berez, Eusko Jaurlaritzari dagokiola neurri horietako batzuk hartzea. "Momentuz jaurlaritzak neurririk iragarri ez duenez, Zumaian neurri horiek beregain hartzea erabaki du udalak. Ondorioz, etorkizunean Eusko Jaurlaritzak antzeko neurriak iragarriko balitu, hartzaileak neurri horietara bideratuko lirateke, eta jasoko luketen laguntza udalari itzuli beharko liokete", azaldu dute.
Beste 1,5 milioi gordeta aldundiari bueltatzeko
COVID-19ak sortutako egoerari erantzuteko, foro bat sortu dute Zumaiako Udalean. Hiru alderdietako ordezkariek eta udal teknikariek parte hartzen dute bertan. Egindako lehen bileretan beste 1,5 milioi euro gordetzea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Funtsetik Zumaiako Udalaren aurrekontura iritsitako kopuruaren zati bat itzuli beharko dutela aurreikusita.
Aldundiak jakinarazi duenez, ez dira beteko Foru Funtsaren kalkulua egin zenean zeuden zerga bilketako aurreikuspenak. Horren jakitun, lurraldeko udalek jasotako diruaren zati bat Funtsera itzuli beharko dutela aurreikusten da; Zumaiaren kasuan, 1,5 milioi euro inguru. Udalak, bere egoera ekonomikoa aztertuta eta «zuhurtziaz jokatuta», diru kopuru hori gordetzea erabaki du.