Aldarriak balkoietan, ezohiko Aberri Egunean

Urola Kostako Hitza 2020ko apirilaren 12a

Aberri Eguna da gaur, eta eskualdeko hainbat herritar atera da balkoietara, egun horretako aldarriak lau haizetara zabalduz.

Aberri Eguna da gaur Euskal Herrian, eta koronabirusak eraginda, ezingo dute nahi bezala ospatu herritarrek egun hori. Dena den, asko eta asko izan dira ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietan jarri dituztenak. Eskuz margotutako oihalak nahiz paperak, bandera txikiak nahiz handiak, denetariko aldarri moduak ikusi ahal izan dira herriko hainbat txokotako balkoietan. 

Gainera, Euskal Herria Batera ekimenak egindako deialdiarekin bat egin dute eskualdeko hainbat herritarrek. Talde horiek ikurrinak eta Nafarroako banderak balkoietara ateratzera animatu dituzte herritarrak. 12:30ean, minutu bateko isilunea gorde dute hildakoen omenez, eta gero, Txoria txori eta Ikusi mendizaleak abestu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide