Atzokoan ere Urola Komunikazio Taldeak antolatutako #EtxetikMundura egitasmoaren baitan eskualdeko sortzaileen emanaldiak ikusi ahal izan ziren taldearen hedabide guztietan.
Hasteko, Egoitz Eizagirre oriotarra bertsotan aritu zen bere etxetik. Zarautzen ordea bikote musikal berezi bat ikusi genuen etxeko garajean: izen aproposena hautatu duen Antibirus taldea, hain zuzen. Ikusteko moduko emanaldia eskainiko ziguten, zalantzarik gabe.
Asteazkenero bezala, Bulego Taldeko Tomas Lizarazu azkoitiarrak euskal kanta klasiko baten bertsioa eskaini zuen. Kasu honetan, Zetak taldearen "Nirekin topatu naiz" kanta bertsionatu zuen.
Azkenik, Zumaiatik iritsiko zen eguneko proposamen berritzaileena . Iñaki Atrianek koktelak prestatzea arte bat dela erakutsi zigun, bi koktel berezi egiteko pausoak azalduz.
Hauek guztiak eta aurreko eguneko emanaldi guztiak ikusgai daude dagoeneko bai hemen eta baita Erlo Telebistan ere.
Gogoan izan #EtxetikMundura egitasmoaren deialdia irekia dela. Beraz, eskualdeko herritar guztiek izan dezakete emanaldi hauetan parte hartzeko aukera, edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen baitira. Animatu eta bidali zuen bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera!