"Negargura ematen du egoerak, inork ez gaitu entzuten"

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 29a

San Juan adinekoen egoitzako langileek egoera benetan "estresagarriari" egin behar diote aurre egunotan. Bertako langile baten arabera, "zerbait txarra gertatuko denaren beldur" dira une oro. Azpimarratu du herritarrek "oso borondate ona" erakutsi dietela.

"Gainezka" daude San Juan adinekoen egoitzako langileak. Hala azaldu dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri bertako behargin batek. "Diputazioak betaurreko moduko babes materiala bidali zigun, baina enpresaren aldetik ez dugu ezer jasotzen". Segurtasuna bermatu ahal izateko materiala langileak ari dira lortzen beraien kabuz, enpresetara edo tailerretara hots eginda; horrela lortu dituzte babesteko pantailak, betaurrekoak eta beste hainbat material. "Borondate oso ona ari da erakusten jendea; udalari ere abisua pasa genion, eta maskarillak eman zizkiguten", azaldu du langileak.

Katarroarekin edo bestelako sintomekin dauden egoiliarrak isolatuta dituztela jakitera eman du, eta ez dutela haientzako batarik. Egoera benetan "estresagarria" da haren esanetan. "Egun osoa pasatzen dugu zerbait txarra gerta daitekeenaren beldurrarekin; uste dut, gaixoak eta haien familiak ez direla benetan ohartzen gertatzen ari denaz". Dena den, senideei helarazi nahi die egoiliarrak lasai daudela.

Lan kargaz gain, karga psikologikoa ere aipatu du langileak, "tentsio ikaragarriz" bizi baitituzte egunak. "Emozionalki, negargura ematen du egoerak, inork ez gaitu entzuten", eman du aditzera. Egoera oso gogorra bada ere, eskerrak eman nahi izan dizkie egoitzako langileak Zumaiako herritarrei eta tailerrei, "oso borondate ona" erakutsi dutelako. "Lehen sei egunetan maskarilla bera erabiltzen genuen; orain, tira, bi egunean behin edo aldatzen dugu, herritarrei eskerrak". Galdona edo Balentziaga enpresak dira materiala eman dietenetako batzuk. "Herritarrengandik jasotzen dugu goikoek ematen ez diguten laguntza", esan du, eskertuta, San Juango beharginak. Horrez gain, azaldu du batarik gabe dabiltzala egunotan, eta zabor-poltsekin egindako "halamoduzko" batzuk erabiltzen dituztela.

Langile bat bederatzi pertsona zaintzen

Bestetik, salatu du koronabirusaren probak langileei eta egoiliarrei, guztiei egin beharko liezketela, baina gutxi batzuk soilik egin dituztela. "Non daude kalitatea zaintzeaz arduratzen direnak? Non segurtasunekoak? Enpresatik inor ez da etorri", azaldu du.

Egoitzan duten lan karga "izugarria" dela gogorarazi du San Juango langileak. "Laguntza behar dugu, bestela gaizki bukatuko dugu denok". Haren arabera, bederatzi egoiliar zaintzeko langile bakarra dago une honetan. "Laguntzaileak eta materiala behar ditugu. Jakin dugu Ostolazatik 10.000 bata bidali dituztela aldundiara, baina hemen ez dugu bat bera ere jaso".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide