Astebete pasatu da #EtxetikMundura egitasmoarekin hasi ginenetik. Musika, ipuinak edo hainbat motatako gomendioak izan dira, besteak beste, eskualdeko artista askok bideo bidez eskaini nahi izan diguten edukia. Eta badirudi harrera ona izan dutela; izan ere, 25.000 bisita inguru jaso dituzte guztira #EtxetikMundura egitasmoko bideoek.
Gaurkoan ere, Urola Komunikazio Taldeak antolatutako #EtxetikMundura egitasmoaren baitan, eskualdeko sortzaileen emanaldiak ikusi ahal izango dira taldeko hedabide guztietan. 20:00etatik aurrera hurrengo herritar hauek euren etxetatik emanaldiak eskainiko dituzte:
– Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide azpeitiar, azkoitiar eta errezildarrak
– Maria Zubimendi akordeonista zumaiarra
– Joseba Brit musikari oriotarra
– Miriam Mendoza ipuin kontalari zarauztarra
Hauek guztiak iluntzeko 20:00tatik aurrera ikusgai izango dituzue bai hemen eta baita Erlo Telebistan ere. Dagoeneko bertan ikus daitezke aurreko egunetan eskaini diren emanaldi guztiak.
Gogoan izan #EtxetikMundura egitasmoaren deialdia irekia dela. Beraz, eskualdeko herritar guztiek izan dezakete emanaldi hauetan parte hartzeko aukera, edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen baitira. Animatu eta bidali zuen bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera!