Uztaiak ere etxe barrura

Aritz Mutiozabal 2020ko martxoaren 26a

Historian laugarren aldiz ez dira ospatuko Olinpiar Joko batzuk dagokien urtean. Atzeratutako beste hiru ekitaldiak 1916koa, 1940koa eta 1944koa izan ziren, Lehen eta Bigarren Mundu Gerren erruz. Oraingoan, koronabirusaren gaitzak bultzatu ditu antolatzaileak azken erabakia hartzera. Udan ziren jokatzekoak Olinpiar Jokoak, Tokion, uztailaren 24tik abuztuaren 9ra; eta jarraian Paraolinpiar Jokoak, abuztuaren 25etik irailaren 9ra. Baina, azkenean, asteetako eztabaidaren ondoren, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 2021ra atzeratu du kirol ekitaldia.

Batzordeak lau asteko epea jarri zuen igandean jokoak atzeratu ala ez aztertzeko. Shinzo Abe Japoniako lehen ministroa oso kritikoa zen gaiarekiko, eta kirolarien ongizateak lehentasuna zuela argudiatzen zuen. Hala, azterketa iragarri eta bi egunera, pandemiaren hedapena kontuan izanda, behin betiko erabakia hartu zuten.

Jokoei begira zeuden eskualdeko kirolarietako bi dira Iñigo Peña piraguista zumaiarra eta Aritz Aranburu surflari zarauztarra. Hitzak haien erreakzioak jaso ditu.

 

IÑIGO PEÑA, PIRAGUISTA

"Pisu handi bat kendu dut gainetik"

Piraguista zumaiarrak ehuneko ehun iritsi nahi du Tokioko Olinpiar Jokoetara, eta egungo egoerak ez zion normaltasunez entrenatzen uzten. Atzeratzea erabaki egokia dela iritzi dio.

Nola jaso duzu jokoak urtebetez atzeratzeko erabakia?
Uste dut erabakirik egokiena dela. Une honetan dagoen pandemiarekin, garrantzitsuena osasuna da, eta kirola bigarren edo hirugarren maila batera pasatzen da. Argi dago etxean geratu behar dugula guztiok, eta hau guztia pasatutakoan, 2021ean, urte egokia izango dela halako kirol ekitaldi bat ospatzeko.

Prestaketa zorrotza eta egituratua duzuela jakinda, oztopo bat ere izango da beste urtebetez itxarotea, ezta?
Ez, ez da halakorik. Eragozpena asteartera arte geneukan egoera zen: etxean sartuta eta ezin entrenatuta geunden. Beste herrialde batzuetan, nahiz eta gu baino okerrago eta konfinamenduan egon –Italian, esaterako–, kirolari profesionalei eta talde olinpikoei baimen bereziak ematen dizkiete entrenatzera irteteko; Belgika, Frantzia eta Portugal ere egoera horretan daude. Beraz, atzeratze honekin pisu handi bat kendu dugu gainetik; bestela, lau hilabete eta erdira oso sasoi baxuan iritsiko nintzatekeen jokoetara. Izan ere, denboraldi erdian geldialdi honek kristoren galera eragiten digu. Horregatik, erabakirik onena izan dela uste dut. Orain denboraldi bat gehiago dugu denok prestatzeko eta hitzordu nagusira aukera berdinekin iristeko.

Beraz, lasaitasun ederra hartu duzu. Antsietate puntuarekin al zeunden?
Antsietatearekin ez, baina urduritasun pixka batekin banenbilen. Ikusten nuen gure aurkariek entrenatzen jarraitzen zutela, eta gu, bitartean, etxean sartuta geunden. Bagenekien egoera hau luzatzen baldin bazen larri iritsiko ginela Olinpiar Jokoetara, eta nik joatekotan, nire onena ematera joatea nahi nuen. Jokoak udan egitea erabakitzen bazuten, banekien ez nintzela ehuneko ehunean iritsiko. Beraz, 2021eko lehiara dena emateko moduan iristen saiatuko naiz.

Zer moduz ari zarete moldatzen itxialdian?
Entrenatzeko arazo handiak ditugu. Konfinamendua mundu guztiarentzako da, salbuespenik gabe. Gure kasuan etxean sartuta gaude, eta entrenamendu asko galtzen ari gara.

Errendimendu handiko zentroan al zaude oraindik?
Ez, Madrilen dagoen zentroa itxi egin zuten koronabirusa hedatzen hasi zenean, eta egun bat geroago, Espainia osokoak itxi zituzten. Konponbide bat behar zela eta, guk entrenatzen dugun urtegiaren ondoan dauden txalet batzuetara bidali gintuen federazioak. Madril hiriburutik 70 kilometrora dago urtegia; ikusten genuen egokia zela, bertan bizi gintezkeelako eta entrenatzeko ura ondoan zegoelako. Irtenbide horrek ez zigun asko iraun; izan ere, alarma dekretua ezarri zutenetik ezin genuen uretan entrenatu, ezta kanpoan kirolik egin ere. Txaletetan, gimnasioa eta ergometroak ditugu, eta horrekin ari gara moldatzen.

 

ARITZ ARANBURU, SURFLARIA

"Lasaitasun pixka bat sentitu nuen, zentzuzko erabakia delako"

Aranburuk bigarren maila baten utzi ditu txapelketak eta Olinpiar Jokoetarako sailkatze probak. Lehentasuna osasunak duela dio, eta bat dator Nazioarteko Batzorde Olinpikoak lehia 2021era atzeratzeko erabakiarekin.

Urtebetez atzeratu dituzte Tokioko Olinpiar Jokoak. Zer iruditu zaizu erabakia?
Erabakirik egokiena hartu dute. Oraintxe bertan arazo larri bat dago konpontzeko mundu osoan, eta guztiok horretan egon behar dugu buru-belarri. Olinpiar Jokoak lehenago edo geroago jokatuko dira, eta une honetan ez dira lehentasuna. Argi dago kirolari pila bat dagoela bertara joateko gogoz, baina niri une honetan ez dit axola. Iruditzen zait osasuna eta gizatasuna lehenetsi behar ditugula orain. 

Kirolariok ere eskatu duzue jokoak atzeratzeko.
Ni, adibidez, kirolarien hainbat Whatsapp taldetan nago, eta nabari zen askoren artean antsietate puntu hori, ez zekitelako Olinpiar Jokoak jokatuko ziren ala ez. Uste dut erabaki hori lehenbailehen hartu behar zuela Nazioarteko Batzorde Olinpikoak. Orain hartu dute, eta kito! Iruditzen zait kirolari guztiok burua deskonektatu ahal izango dugula lehia horretatik, eta guztiok dugun arazo honetatik suspertzeko lasaitasun handiagoa izango dugula. Gainera, urtebeteko epea izango dugu Olinpiar Jokoetarako antolaketa prestatzeko ere. 

Zuk nola jaso duzu berria?
Esan bezala, Whatsappeko hainbat taldetan nago, eta bost minututan bizpahiru taldetan jaso nuen jakinarazpena; esaterako, Espainiako Surf Federaziotik jaso nuen mezua. Bestalde, BAT Basque Teameko sare sozialetatik ere jaso nuen berria. Nik neuk ere lasaitasun pixka bat sentitu nuen albistea jakitean, zentzuzko erabakia dela iritzi diodalako. Azken egun hauetan ez nengoen gerta zitekeenaren kezka horrekin, baina erabaki oso ona da kirolarentzat eta kirolarientzat.

Gainerakoan, nola moldatzen zara etxean sartuta?
Dezente ongi daramat egoera,  agian, urte luzez ibili naizelako toki batetik bestera gelditu gabe. Halabeharrez etxean geratze hau ez dut eskertzen, zergatia indartsua delako, baina laguntzeko etxean geratu behar dugu, eta hori oso serio hartu dut.

Baina zu bezalako goi mailako kirolari batentzat bat-batean geratzea ez da nolanahikoa, surf zirkuituan eta Olinpiar Jokoetarako sailkatze probetan lehiatzen ari zarela kontuan izanda.
Egia esan, niretzako lehiaren kontu guztia bigarren maila batean geratu da. Koronabirusaren gaitza Txinan agertu zela entzuten hasi nintzenean, oso eszeptikoa nintzen. Italiara iritsi zenean ere eszeptiko samar jarraitzen nuen. Italiako lagun baten deia ere jaso nuen, esanez etxe barruan sartuta zeudela eta gurera ere iritsiko zela. Ni bitartean hondartzan nengoen, itsasoari begira, eta ez nuen pentsatu ere egiten hori gerta zitekeenik. Bat-batean, ordea, guri tokatu zaigun haien egoera berean egotea, eta honek guztiak barrua ukitu dit. Beraz, Surfeko Munduko Txapelketa –Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatze proba izango dena– eta Olinpiar Jokoak bigarren mailako gauza bilakatu dira niretzako.

Igandean jaso genuen mezua: Nazioarteko Batzorde Olinpikoak denbora tarte bat hartuko zuela Olinpiar Jokoak atzeratu edo ez erabakitzeko. Nik argi nuen egoera honi buelta eman ondorengo data batera atzeratzea zela onena; berdin zitzaidan urtebete itxaron behar banuen. Surfeko Munduko Txapelketarekin ere beste horrenbeste egin beharko lukete. Lehenago edo beranduago jokatuko dira ekitaldi horiek, eta une honetan beste lehetasunbatzuk egon behar dute munduan. Azkenean, 2021era atzeratu dituzte Olinpiar Jokoak, eta hori da zentzuzkoena.



Hala ere, gogorra egingo zaizu.

Argi dago kirolaria izanda ohituta nagoela entrenatzera eta batetik bestera mugitzera, baina tira! Ni etxean ari naiz entrenatzen, eta, nola ez, itsasoa asko sumatzen dut faltan; normala da, gainera. Nolanahi ere, guztiok ari gara geure eguneroko edozer gauza faltan sumatzen, eta hau errusiar mendi bat da: batzuetan hobeto gaude eta besteetan okerrago, honetara ez gaudelako ohituta. Orain, etxean gaudenez, uste dut hausnartzeko garaia dela, eta mundu guztiaren osasunaz arduratzea dagokigula. Korobirusak gizartea elkartu du, eta ea munduan beste arazo batzuk daudenean ere elkartasun berarekin erantzuteko gai garen.

Hala ere, ez al zaizu Olinpiar Jokoen arantzarik geratzen?
Ez, ez dut halakorik. Aurten ditudan aukerak datorren urtean ere izan ditzaket. Aurtengoa reset botoiari emateko urtea da. Jendeak ezin ditu erabakiak diruari begiratuta bakarrik hartu; gogoetarako unea da. Jendearen osasuna dago jokoan, eta une honetan, jokorik inportanteenak horiek dira.

Etxean, baina entrenatzen?
Topera ari naiz. Uretatik kanpo, baina normalean baino entrenamendu gehiago egiten ari naiz. Konfinamendua iragarri aurretik, Shelter nire surf zentrora joan nintzen, eta ahal nuen material gehiena hartu nuen bertatik, baita bizikleta estatiko bat ere. Era berean, irudimena landuz, entrenamendu funtzionalak, indarra eta abiadura lantzekoak eta antzerakoak egiten ari naiz, baita yoga eta meditazioa ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide