Pandemiari begira Italiatik

Juan Luis Romatet 2020ko martxoaren 25a

Iñaki Olaizola Italian bizi da, Trentino eskualdean. Koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriez eta herritarren

portaeraz hitz egin du, besteak beste.

Txinan agertu ziren lehen koronabirus kasuak 2020ko urtarrilean, Wuhan hirian. Handik Asiako beste herrialde batzuetara egin zuen salto gaitzak, eta Iranen, adibidez, bereak eta bi egin ziren. Europari dagokionez, Italia da, Espainiarekin batera, kutsatu gehien dituen estatua. Otsailaren amaieran atzeman zituzten COVID-19 gaitzaren lehen kasuak Italiako iparraldean, eta ordutik etengabe hedatu da. 6.000tik gora hildako eragin ditu koronabirusak Italian aste gutxi hauetan.

Iñaki Olaizola zumaiarra Italiako iparraldean bizi da, Trentino eskualdeko Cles herrian, emaztea eta alabarekin. Herri horretan lau koronabirus kasu detektatu badituzte ere, Italiako iparraldeko beste eskualde edo hiri batzuekin alderatuta, zerikusirik ez duela dio Olaizolak.

Birusa ez hedatzeko neurriek bere eta bere senitartekoen bizimoduan eragina izan dutela dio. "Lan aldetik, ez da asko aldatu nire egoera. Azkeneko bi aste hauetan beti joan izan naiz lanera, segurtasun neurri denak hartuta, noski: eskularruak, maskarilla... Hilaren 23tik aurrera gure bezero askoren fabrikak itxita egongo direla eta, ekoizpena erdira jaistea erabaki dugu, jendea txandakatuz etxean geratu dadin. Nire emazteak ere egun erdiz dauka irekita denda: belardenda baten jabea da, eta legez ireki dezake, inor joaten ez bada ere. Nire alaba, berriz, krisi hau hasi zenetik ez da ia etxetik irten; etxeko belardira joateko bakarrik ateratzen da. Kontserbatorioko ikaslea da, eta ikasketa denak Skype bidez egiten ditu". Lehen kasuak Lonbardian eta Veneton detektatu zituztela gogoratu du zumaiarrak. "Bi zonalde horiek berehala jarri zituzten berrogeialdian, baina zoritxarrez, birusa dagoeneko zabalduta zegoen iparraleko lurralde denetara".

Italiako gobernuak hartutako neurriak gero eta zorrotzagoak dira, eta behar-beharrezkoak ez diren enpresen jarduera gelditzekotan dira estatu horretan. Krisialdiaren hasieran, baina, italiarrek arazoa nahiko azalekotzat hartu zutela uste du zumaiarrak. "Martxoaren 7 eta 8ko asteburuan, dagoeneko arazoa larria zela jakin arren, agintarien aholkuak ez zituen jarraitu jendeak. Inguruotako eski pista denak beteta zeuden, eta pertsonen erdiak kanpotarrak ziren, Lonbardiatik etorritakoak gehienak".

Haren iritziz, Italiako Gobernuak "berandu" erreakzionatu du, baina, aldi berean, ulertzen du neurri batzuk hartzea zaila zela. "Egia da egoera zeharo berria dela denontzako, eta ulertzen dut ez zela erraza lehenago hartzea neurri erradikalak".

Neurri gero eta zorrotzagoak hartu ditu Erromak gaitza ez hedatzeko. Hasieran, Lonbardiako Lodi eta Venetoko Padua hirietan itxialdiak ezarri zituen; gero, Italia osora zabaldu zuen konfinamendua. Italiarrek erabakia "nahiko serio" hartu dutela dio Olaizolak, "beharrezkotzat" jo dutela. "Hemen modan jarri den esaera batek zera dio: ‘Gure aitonei gerrara joateko esan zieten, guri etxean geratzeko bakarrik...’. Hala ere, badago oraindik egoeraren larritasuna ulertu ez duen gutxiengo bat".

Konfinamendua edo itxialdia eragina izaten ari dela dio zumaiarrak. "Lodin eta Paduan, badirudi azkeneko egun hauetan ez dela kasu berririk agertu. Itxierak, serio eginez geroz, arrakasta duen seinale".

Beldurra edo kezka

Koronabirusak eragindakoa Bigarren Mundu Gerratik gaur arte bizi izandako krisialdi handiena dela iritzi diote italiarrek. Zumaiarraren esanetan, jendea "beldurtuta, ala, gutxienez, kezkatuta" dago. Olaizola bera ere kezkatuta dago. "Oraindik lanera joaten naizenez, badago aparteko arrisku bat, etxekoentzat, batez ere".

Adituen aurreikuspenak betetzen badira, kutsaduraren kurbak nahiz hildakoen kopuruak beheraka hasi behar du egunotan. Hala izanda ere, normaltasunera bueltatzeko denbora beharko dela uste du Olaizolak: "Dena ondo badoa, apirila osoa beharko dugu horretarako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide