Urolako Komunikazio Taldeko hedabideek –Karkara, Baleike, Uztarria, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen, Zarauzko Hitza eta Erlo telebista– #EtxetikMundura egitasmoa jarriko dute martxan ostegunean. Hain zuzen ere, Urola Kostako hainbat sortzailek bideo bidezko emanaldiak eskainiko dituzte beren etxeetatik.
Dagoeneko hainbat dira egitasmora batu diren herritarrak. Azkoitian, Iñigo Antsorregi idazleak, Lizar musika taldeak, Tomas Lizarazu abeslariak eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolariek grabatuko dituzte bideoak. Gainera, Lurdes Sudupek irakurtzea merezi duten liburuen zerrenda egingo du.
Azpeitian, Felipe Murillo musikariak, Amaia San Vicente ipuin kontalariak, Iago Azkue magoak, Ekain Ibarguren pailazoak, Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolariek nahiz Deñe Garcia-Bravo abeslariak eskainiko dituzte saioak. Horiez gain, liburuen eta filmen gomendioak egingo dituzte Edurne Lazkanok nahiz Xanti Rodriguezek, hurrenez hurren.
Zumaian ere badira saioak eskainiko dituzten herritarrak, hala nola Esti Curiel aktorea, Maialen Velarde bertsolaria eta abeslaria nahiz Roberto Gutierrez Zumaiako Ostarrena zineklubeko kidea.
Zarautzen ere sortzaile ugari animatu da ekarpena egitera. Hain zuzen ere, Miriam Mendoza ipuin kontalariak, Yoseba Peña idazleak, Serge bakarlariak, Gari Berasaluze olerkariak, Miren Fernandez abeslariak, Martin Etxeberria olerkariak, Telmo Esnal zinemagileak, Unax Nogales abeslariak, Patxi Santamaria aktoreak, Arantxa Aldalur olerkariak nahiz Josu Txapartegi Txapasek eta Marije Zumetak egin dute bat #EtxetikMundura saioekin.
Oriotarrek ere emango dituzte saio batzuk. Besteak beste, Iban Marin eta Libana Taboada musikariek, Intza Unanue abeslariak nahiz Leire Zinkunegi ipuin kontalariak emanaldi bana eskainiko dute.
Urola Kostako tokiko hedabideen webguneetan nahiz Urola Kostako Hitzaren atarian ikusi ahal izango dira emanaldiak ostegunetik aurrera. Egunean herri bakoitzeko sortzaile baten saio bana emango dute Karkarak, Baleikek, Uztarriak, Maxixatzenek eta Zarauzko Hitzak 20:00etan hasita, eta bideo guztiak Urola Kostako Hitzaren eta Erlo telebistaren webguneetan izango dira ikusgai.
Koronabirusaren eraginez hartu du #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia UKTk; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du UKTk, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.
Dagoeneko hainbat saio ditu lotuta Urolako Komunikazio Taldeak, baina zerrenda horretan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!