Osasun krisialdiaren aurrean, gaixotasunarekiko herritar ahulenak babesteko antolatzen ari dira zenbait herritan. Koronabirusaren hedapena saihesteko neurri ugari iragarri dituzte aste honetan, horien artean, ikastetxe guztien itxiera. Gaixotasunarekiko kolektibo zaurgarriena adinduena dela kontuan izanik, boluntarioen zaintza sareak zein adinduei erosketak egiteko laguntza sareak antolatu dituzte bailarako herritan.
Orio
Orion sortzen ari diren babes sareko kideek, esaterako, koronabirusak sortutako krisialdiari erantzuna ematea "herri erronka" dela uste dute. Era berean, azken urteotak feminismotik bizitzak erdigunean jarri eta zaintza lanak kolektibizatzearen aldarria praktikan jartzeko unea dela esan dute, zaintza sarea osatu nahi duten herritarrek diotenez: "Erronka nagusia lan produktiboaren gainetik komunitatearen zaintza bermatzea izango da". Sare sozialen bidez zabaldu dute mezua, eta sarekide izateko, hainbat galdera bete behar dira helbide honetan.
Dagoeneko 101 pertsonak eman dute izena Orioko sarean. "Oraingoan ere, beti bezala, zaintza lanetarako emakume eta gizonen arteko desoreka eman da: 86 emakumek eman dute izena, eta 15 gizonek", adierazi dute sareko gizonezkoek. Zaintza guztien erantzukizuna dela nabarmendu nahi izan dute, eta eraldaketa sozial egin nahi bada, denak egotea beharrezkoa dela.
Azpeitia
Azpeitian ere boluntario sarea osatzeko deiari erantzun dieten herritarrak antolatu eta lanean hasi dira. 50 lagun inguruk parte hartu zuten larunbat goizeko auzolanean.
Goizeko lehen orduan hasi ziren herriko adinekoei, gutun bidez, osatutako sarearen berri eman eta beraien beharrei erantzuteko telefonoak eta e-posta jakinarazten. Banaka zein binaka, prebentzio neurriak hartuta, banatu dituzte gutunak, auzoka, adinekoen postontzietara. Gutunean, 65 urtetik gorako herritarrei hartu beharreko neurriak eta gomendioak jarraitzeko eta etxean gelditzeko gomendatzen zaie, eta laguntza emateko (erosketak egiten laguntzeko, adibidez) udal baliabideak jarri eta herritar boluntarioen sarea osatu dela jakinarazten zaie.
Herritar zaurgarrienen zerbitzurako, bi telefono –943-54 79 83 eta 943-15 71 92– eta gizarte@azpeitia.eus helbide elektronikoa jarri ditu udalak. Telefono horietan egunerokoari erantzuteko laguntza (erosketak egin eta sortzen diren bestelako beharrak) eta etxean egoteak sor ditzakeen bakardade eta egonezin sentipena dutenentzat laguntza eskiniko da.
"Herritarrek erantzun oso ona eman diote boluntarioen sarea osatzeko egitasmoari eta benetan eskertu nahi dugu gazteek herritar ahulenak laguntzeko azaldu duten prestutasuna", adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.
Azkoitia
COVID-19 gaixotasunak sortutako larrialdi egoeraren ondorioz, etxetik atera ezinda dauden adinekoei edo arrisku taldeetako pertsonei laguntzeko boluntario sarea sortu zuen atzo, igandea, herritar talde batek.
Boluntario sarearen helburua pertsona horiei egunerokoan erosketak egiten laguntzea da, "pertsona horiek arriskuan ez jartzeko eta beraien gutxieneko beharrak asetzeko". Boluntario sareak dei egin die herritarrei taldean izena emateko; horretarako auzolana.azkoitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da. Jakinarazi dutenez, izena emandako herritarrei informazioa helaraziko diete, "guztia koordinatzeko".
Zerbitzuaren beharra duten pertsonek, berriz, 688-64 20 91 telefono zenbakira deitu beharko dute. Deian azalduko dute sareak nola funtzionatuko duen. "Garai gogorretan ezinbestekoa da herritarron arteko elkartasuna, saretzea eta auzolana", adierazi du, azkenik, boluntario taldeak.
Zumaia
Covid-19 birusaren krisia dela eta, neurri berezia jarri dute martxan Gaztetxeko kideek eta Udalak elkarlanean. Herriko adindunen erosketak egiteko boluntario lanak egiten ari dira dituzte Gaztetxeko kideak.
Adindunak Covid-19 birusaren aurrean kolektibo zaurgarria direla kontutan hartuta, horiek etxean egotearen garrantzia nabarmendu dute erakunde eta instituzioek. Hori dela eta, Gaztetxeak eta Udalak zerbitzu hau eskaintzea erabaki dute. Bestelako kolektibo zaurgarrietako kideak ere zerbitzua baliatzera gonbidatu dituzte sustatzaileek (gaixotasun kronikoak dituztenak, aniztasun funtzionala duten pertsonak...).
Erosketa zerbitzua martxan dago dagoeneko. Erosketak egin nahi dituztenek 688-75 77 74 telefonora deitu beharko dute; sarearen koordinatzaileak erosketa zerrenda jasoko du, eta bolondres taldeari bideratuko dio. Erosketaren ordainketa etxean entregatzen den unean egin beharko dute zerbitzuaren erabiltzaileek, inolako kostu gehigarririk gabe.
Era berean, erosketak egiteko sarean boluntario moduan parte hartu nahi duten herritarrek auzolana.zumaia@gmail.com helbidera idaztera gonbidatu dituzte.
Getaria
Zenbait gurasok lanera joaten jarraitu behar dutela kontuan izanik, horiek aiton-amonen kargu geratzea ekiditeko ekimena jarri dute martxan Getarian. Lana eta kontziliazioa bateratzeko zailtasunak dituzten familia horien haurrak zaintzeko sarea osatu dute. Egoera horretan dauden familiei laguntza eskaintzeko edota laguntza behar duen familia horietako bat izanez gero, honako telefono zenbakian jarri daiteke harremanetan: 689-42 86 90 edo 688-69 73 87.
Sare hori sortzen dabiltzan bi kiderekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak. Madrilen antzeko mugimendu bat sortzen ari zela otu zitzaien Getarian gauza bera egitea. "Horrelako egoera baten aurrean zaintzaile bat aurkitzea zaila izan daiteke, eta batzuk, agian, ekonomikoki ez daukate horretarako aukerarik. Egoera horren aurrean aiton-amonengana jotzea saihestu nahi dugu", diote Ane Lazkanok eta Intza Gurrutxagak.
Oraingoz zazpi boluntario elkartu dira, baina datozen egunetan ekimenera gehiago batzea espero dute. Laguntza hori behar duen familiarik ez da jarri haiekin harremanetan, baina datozen egunetan duten eskaeraren arabera lotuko dituzte boluntarioak. "Haur bakoitzaren egoera ezberdina da, eta beharrak ere bai", diote Lazkanok eta Gurrutxagak. Horregatik, familia bakoitzaren beharren arabera eta boluntarioek eskaini ditzaketen orduen arabera antolatuko dira.
Haurrak etxean zaintzen saiatuko dira, zaila izan arren: "Eskolatik etxeko lanak ere bidali dizkiete, eta horiek egiten lagunduz eta irudimena erabiliz etxean bertan gauza ezberdinak egiten saiatuko gara".
Adinduei erosketak egiten laguntzeko sarea ere osatzen ari dira Getarian, udalaren laguntzaz. Horretarako, telefono zenbaki honetara deitzeko eskatu diete herritarrei: 688-64 06 82.
Zarautz
Datozen asteetan elkar babesteko, zaintza sarea antolatzen ari dira Zarautzen. Osasun egoeragatik edo beste zerbaitegatik etxetik irten ezin duten herritarrei erosketak egiteko laguntza eskainiko diete. Senideak edo haurrak zaintzeko ere eskaini dira. Laguntza hori behar duten herritarrei 634-40 70 11 telefono zenbakira deitzeko eskatu diete, eta sare horretan parte hartzeko prest daudenei, 650-07 77 47 telefono zenbakira.
Aizarnazabal
Prebentzio neurrien inguruko informazioa helarazteaz gain –parkeak eta pilotalekuak ixtea, besteak beste–, erosketak egiteko laguntza eskainiko diete herritarrei Aizarnazabalen ere. Horretarako laguntza behar duten herritarrek 634-95 40 86 telefono zenbakira deitu dezakete.